ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Eusko Jaurlaritza
2026/02/11 10:20

Aurreko larunbatean, otsailaren 7an, 3.188 pertsona aurkeztu ziren ertzain izateko Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) azterketara. Hautaketa-prozesuko lehen fasea izan zen aurreko asteburukoa, proba psikoteknikoa eta ezagutzei buruzkoa alegia, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuen 1.880 pertsonak gainditu dutela psikoteknikoa; %59k, beraz.

Azterketa psikoteknikoko baremazioa aldatu du berriki Segurtasun Sailak, aurreko deialdian izandako suspentso masiboaren ondoren: %10era ere ez zen heldu gainditu zutenen ehunekoa. Lau fase ditu proba psikoteknikoak, EITBk azaldu duenez: "arrazoibidea, hausnarketarako jarrerak, jarrera bereziak eta hitzezko jarrerak". Lehen, beharrezkoa zen fase bakoitza gainditzea, baina suspentso kopuru ikaragarria ikusi ostean, exijentzia jaitsi zuen Jaurlaritzak: azken deialdian, nahikoa zen fase guztien emaitzak bateratuta gainditzearekin.

Baremazioa eta exijentzia-maila aldatuta, aurrera doa Ertzaintzarako hautaketa-prozesua. Psikoteknikoari buruzko erreklamazioak egiteko epea amaitzen denean, aurreko larunbatean egindako bigarren probaren emaitzak argitaratuko dituzte; "ezagutzen" inguruko azterketakoak, hain zuzen ere.

EPEko aurreko emaitza kaskarrekin, kolokan jarri zuten Jaurlaritzak 2030erako markatutako helburuetako bat: ordurako, 8.000 ertzain izatea nahi du gobernu jeltzaleak. Orain indarrean den lan-eskaintzan, ertzain izateko 473 postu eskaini zituzten, baina ez ziren guztiak bete suspentso maila handia zela-eta. Aurreko asteburuan hasitako hautaketarekin, plaza horiek osatu nahi ditu Jaurlaritzak.

Otsailaren 7ko azterketak ordu eta erdiko atzerapenarekin hasi ziren BECen, esperotakoa baino jende gehiago aurkeztu zelako: 3.000 poliziagairentzako tokia zegoen, eta 188 gehiago bertaratu ziren. Segurtasun Sailaren arabera, ohikoena da izena eman dutenen %73 inguru aurkeztea azterketara, eta horren arabera prestatu zituzten eserlekuak. Larunbatean, baina, normalean baino jende gehiago joan zen azterketa egitera, baremazio aldaketaren ondoren.

NO HAY COMENTARIOS