ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Periódico
2023/05/05 10:16

Pentsio edo soldata prekario bat osatzeko bere jabetza alokatzen duen "jabe txiki kalteberaren" ideia oso errotuta dago Espainiako Estatuan. Errelato hori gezurtatzen duten datu ugari daude ordea, hala nola, La Hidra kooperatibak iaz argitaratutako ¿Cómo afectará el control del precio de los alquileres a los caseros? azterlanean edo Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) aurtengo Bizi Baldintzen Inkestako (BBI) mikrodatuetan. Biek ildo beretik jotzen dute: errentatzaileen sektorea hazten ari den gutxiengo sozial bat da, eta euren diru-sarreak, berriz, biztanleriaren batez bestekoa baino altuagoak eta alokairuan bizi direnen bikoitza dira.

INEren arabera, 2022an, jabetza bat alokatzeagatik irabaziak izan zituzten etxeek 47.022,29 euroko batez besteko errenta lortu zuten urtean, eta batez besteko orokorra (34.110,39 euro garbi) aise gainditu zuten. Baina bada gehiago, aldea are handiagoa baita zehaztasun handiagoz begiratu eta maizterren diru-sarrerekin konparatzen bada. 2021eko BBIren arabera, alokairuagatik diru-sarrerak zituzten familien urteko batez besteko errenta 46.725 eurokoa zen, 40.293 euroko medianarekin. Maizterren etxeek, berriz, 22.183 euro irabazten zituzten batez beste, 18.457 euroko medianarekin. Ondorioz, alokatzen duten etxejabeen guztizko diru-sarrerak maizterrenak halako bi baino gehiago dira.

Etxejabeei alokairuagatiko diru-sarrera guztiak kenduko balitzaizkie ere, estatuko errenta handieneko familiak izaten jarraituko luketeela ikus daiteke. Alokairurik gabe, jabe horien urteko errentaren batez besteko balioa 33.602 eurokoa izango litzateke 2021ean

Hori gutxi balitz, errentatzaileen diru-sarrerek %30ean gainditzen dute beren jabetzako etxebizitza batean bizi diren (eta etxebizitza alokatzeagatik diru-sarrerarik jasotzen ez duten) familien errenta ere. INEren dokumentuak ziurtatzen duenez, Espainiako Estatu mailan, 2021ean, higiezinen errentarik jasotzen ez zuten jabeek 31.353 euroko batez besteko errenta erabilgarria zuten, eta horien mediana, berriz, 27.225 eurokoa zen. Datu horiek guztiak mahaigaineratuta, "errentatzaile gehienak biztanleriaren zatirik aberatsenekoak direla" ondorioztatzen du La Hidrak. Eta arrazoi osoz, izan ere, etxejabeei alokairuagatiko diru-sarrera guztiak kenduko balitzaizkie ere, estatuko errenta handieneko familiak izaten jarraituko luketeela ikus daiteke. Alokairurik gabe, jabe horien urteko errentaren batez besteko balioa 33.602 eurokoa izango litzateke 2021ean; maizterren kasuan, baina, 18.457 eurokoa, eta beren jabetzako etxebizitzan bizi direnen kasuan, 25.876 eurokoa.

Bien bitartean, hazten ari da diru-sarreren gehiengoa jabetza baten alokairutik ateratzen duten familien kopurua, nahiz eta gutxiengoa izaten jarraitzen duen. Kasu gehienetan, alokairuengatiko errentek, urteko diru-sarrera osoaren proportzio txikiena dakarkie errentadun gehienei. 2022an, errentatzaileen %63,2k diru-sarrera garbi osoaren %10 baino ez zuten estaltzen irabazi horiekin. Aztertutako aldi osoko ehunekorik txikiena den arren, gehienek zifra horien bueltan jarraitzen dute.

Errentari kalteberak, gutxiengoa

Duela bi urteko BBIk datu gehiago ditu, fenomeno bera adierazten dutenak: errentatzaileen %51k urtean 40.000 eurotik gorako urteko diru-sarrerak zituen; %23,5ek 26.000 eta 40.000 euro artekoak; %16k 15.000 eta 26.000 euro artekoak; eta %9,4k baino ez 15.000 euro edo gutxiagokoak. Maizterrak, aldiz, alderantziz zeuden banatuta errenta-mailen araberako eskalan: gehienek, %38,2k, 15.000 euroko edo gutxiagoko urteko errenta zuten; %29,9k 15.000 eta 26.000 euro artean irabazten zuten; %20,4k 26.000 eta 40.000 euro artean; maizterren %11,5ek bakarrik irabazten zuten 40.000 euro baino gehiago. Aurretiaz ikusi izan dugunez, Espainiako Estatuko maizterren erdiak pobreziako edo gizarte-bazterketako egoeran daude.

Errentatzaileen %51k urtean 40.000 eurotik gorako urteko diru-sarrerak zituen; %23,5ek 26.000 eta 40.000 euro artekoak; %16k 15.000 eta 26.000 euro artekoak; eta %9,4k baino ez 15.000 euro edo gutxiagokoak

Errentadunen artean, kontrara, pobrezia edo gizarte-bazterketako arriskuan egoteko probabilitateak %13ri baino ez die eragiten, CCOOren La vivienda en alquiler en España txostenak gogorarazten duenez. Zehatzago begiratuta, errentatzaileen %9 bakarrik daude pobrezia-arriskuan, gainerako biztanleen %23ren eta alokairuan bizi diren biztanleen %38ren aurrean. Errentatzaileen %1ek bakarrik du gabezia material larria; gainerako biztanleen artean %5ek eta alokairuan bizi diren biztanleen %12k. Errentatzaileen %5 baino ez dira lan-intentsitate txikiko unitate familiarretakoak, eta gainerako biztanleen zein maizterren artean %9. Beraz, komunikabideetan eta zenbait alderdi politikoren diskurtsoetan horrenbeste aipatzen diren "errentatzaile kalteberei", arrazoiren batengatik, gehiegizko garrantzia ematen zaie.

Errentaria bizilaguna da

Ikusitakoa ikusita, bideraezina da besteen soldaten kontura bizi den sektore hori gehiengo soziala izatea. Hala berresten dute CISen datuek: modu jarraikorrean errentan ematen duten etxejabeak familia guztien %3 eta %9 artean dira; helduaroan dagoen biztanleriaren %6 baino gutxiago, alegia. Hala ere, egia da behaketa-irizpidea 2022an alokairuagatik behin edo behin errentaren bat jaso duten familietara zabalduz gero, zifra %17,45era igotzen dela. Hori %57,5eko igoera da hamarkada batean. Gainera, errentatzaileek jarduera horren bidez jaso zituzten diru-sarrerek goia jo zuten iaz, alokairuari esker 4.985 euro irabazi baitzituzten batez beste; 2013an baino %6 gehiago, egungo inflazioaren balioekin doituta.

Errentatzaileek jarduera horren bidez jaso zituzten diru-sarrerek goia jo zuten iaz, alokairuari esker 4.985 euro irabazi baitzituzten batez beste; 2013an baino %6 gehiago

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren datuen arabera, Espainiako Estatuan alokairuan dauden etxebizitzen %85 "pertsona fisikoen" jabetzakoak dira, "jabe txiki" etiketapean ezagunagoak. La Hidraren azken azterketak azpimarratzen du "termino horrek etxebizitzaren merkatuaren egituraren irudia manipulatzen duela", izan ere, kategoria lauso horrek aditzera ematen du errentan emandako etxebizitza partikular gehienak etxebizitza bakarra alokatzen duten jabeenak direla.

Errealitatetik oso urrun dago hori: datuek erakusten dute alokairuaren merkatuaren zati handiena bi etxebizitza edo gehiago alokatuta dituzten etxejabeen esku dagoela. Hau da, merkatua multierrentatzaileek menderatzen dute, azterlanaren arabera. Joera hori argi eta garbi ikus daiteke CISen Etxebizitzaren eta Alokairuaren Barometroari begira: modu iraunkorrean alokatutako etxebizitzak zituzten etxejabeek 4,2 etxebizitza zituzten batez beste 2018an.

Modu iraunkorrean alokatutako etxebizitzak zituzten etxejabeek 4,2 etxebizitza zituzten batez beste 2018an

Zentzu horretan, "alokairu-eskaintzaren egitura dual argia" azpimarratzen du La Hidrak, Bartzelonako datuetan argi eta garbi ikusten dena: batetik, etxebizitza bakarra duten ugazabek merkatuaren %38,7 osatzen dute, nahiz eta errentatzaileen %79 izan; bigarrenik, bi etxebizitza edo gehiago alokatuta dituzten errentamendu anitzeko etxejabeek %60,3ko kuota kontrolatzen dute alokairuaren merkatuan, nahiz eta soilik etxejabeen %21 izan. Hamabost etxebizitza baino gehiago alokatuta dituzten etxejabe talde txiki batek merkatuaren %24,1 kontrolatzen du, baina etxejabeen %1,2 baino ez dira. Izan ere, La Hidrak gehitzen duenez, bada alokairu garestiak kontrolatzen dituen sektore esanguratsu bat: 2021ean errentadunen %25,56k Espainiako Estatuko alokairuko errenta guztien %56,01 jasotzen zutela ikus daiteke. Jabe horiek urtean 16.185 euro kobratu zituzten batez beste alokairuetan.

Laburbilduz, nortzuk dira errentatzaileak? Jabetzaren bat alokatzeagatik diru-sarrerak jasotzen dituzten estratu sozialak dira, batez ere, langile aristokrazia, burgesia txikia eta goi burgesia ez-oligarkikoa. Gizarte-produktuan batez bestekoak baino proportzio handiagoa hartzen duten familiak dira, eta, jakina, langile klaseak oro har eta proletalgoak zehazki baino gehiago.

Burgesiaren sektore oligarkikoek beste norabide batean kokatzen dituzte beren inbertsioak, gehiago daude finantza-mundura zuzenduta, [...]. Jarduera horiek inbertsio eta finantza-ezagutza handiak eskatzen dituzte, eta tresna horiek ez daude "klase ertainen" eskura. Beraz, alokairuaren merkatua da haien ondarea handitzeko aukerarik onena

Ikusten da etxebizitzak funtsezko rola betetzen duela bereizketa horretan. Burgesiaren sektore oligarkikoek beste norabide batean kokatzen dituzte beren inbertsioak, gehiago daude finantza-mundura zuzenduta, epe motzeko eta arrisku zein irabazi handiagoko eragiketekin. Jarduera horiek inbertsio eta finantza-ezagutza handiak eskatzen dituzte, eta tresna horiek ez daude "klase ertainen" eskura. Beraz, alokairuaren merkatua da haien ondarea handitzeko aukerarik onena; "apustu erraz eta segurua".

Horrela, 2022ko BBIn ikus daitekeenez, alokairuagatik diru-sarrerak jasotzen dituzten errentarien zati txiki baina gero eta handiago batek egungo Lanbide arteko Gutxieneko Soldata berdintzen edo gainditzen du (15.120 euro gordin urtean). 2022an, gutxienez errentarien %6,74k aparteko soldata bat gehiago irabazten zuten urtean, beren ondasuna alokairuan jartzeagatik; 2013an, berriz, %4,39 ziren.

2022an, gutxienez errentarien %6,74k aparteko soldata bat gehiago irabazten zuten urtean, beren ondasuna alokairuan jartzeagatik; 2013an, berriz, %4,39 ziren

Ondorioak

Alokairuak errentak transferitzeko tresna gisa balio du, gizarteko geruza proletarioetatik tarteko eta goiko geruzetara. Alokairuko etxebizitzen azken urteetako garestitzea, bereziki, pobretzearen eta desberdintasun sozialen areagotzearen arrazoi nagusietako bat bihurtu da. Bestalde, egia da izugarri aberatsak diren errentarien gutxiengo bat egon badagoela, gainerakoek baino diru-sarrera handiagoak dituena eta alokatutako higiezin gehiago dituena. Baina horrek ez du guztia azaltzen, ugazaba handiak merkatuan gutxiengo bat direla sumatzen baita. Nori dagokio gainerako merkatu-kuota? Bizpahiru etxebizitza alokatzen dituzten "errentari herrikoien" geruza erraldoi bati.

Bi estratu horiek elementu komun bat dute: beren aberastasunaren zati bat inolako jabetzarik ez dutenen soldaten kontura metatzen dutela, bizitzeko etxebizitza bat behar dutenen kontura, hau da, proletarioen kontura. Laburbilduz, nahiz eta errentari gehienak ez diren jabe handiak eta bakoitzak alokairuaren truke ez duen diru-kopuru erraldoirik jasotzen, "klase ertaineko" familien kordoi handi bat dagoela ikus daiteke, berez soldata urriak dituzten familia proletarioen soldatak arpilatzen. Horrek proletalgoarengandik sozioekonomikoki bereizteko balio die.

NO HAY COMENTARIOS