Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek atzo aurkeztu zuen neurria: "gazteentzako 200 milioi euro banatuko" ditu gobernuak, "alokairu-bonutan". Bonuez gain, Sanchezek esan zuen "araudi berri bat" bultzatuko omen dutela, "ostatatze turistikoko eta sasoiko ostatatzeko kontratuetan iruzurrak ekiditeko". Ez du zehaztu, baina, zer barne hartuko duen araudi horrek.
Joan den asteburuan, mobilizazio erraldoi bat izan da Madrilen, etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzen. 150.000 pertsona atera ziren kalera aurreko igandean, errentismoa salatzeko, eta alderdi politiko parlamentarioek etxebizitzaren negozioa babesten dutela seinalatzeko. Manifestazio arrakastatsu horren ostean iragarri du neurria gobernuak. Eta, hain zuzen ere, manifestazioan salatutakoa bete-betean berretsi du.
Etxebizitzaren negozioa eta errentatzaileen irabaziak, bere horretan
Gazteentzako dirulaguntza modura saldu du neurri berria Sanchezek, baina, errealki, etxejabeei eta errentatzaileei emango die dirua. Gazteek bonuak jasotzean, alokairua ordaintzeko baliatuko dituzte, beraz, badirudi errentatzaileen eskuetan amaituko duela gobernuak emandako dirutza publikoak. Laguntza jaso duten maizterrak bitartekari bat baino ez dira izango, gobernuaren eta errentatzaileen artean.
"Gobernuak arretaz entzuten du eta euren eskaerarekin bat egiten du", adierazi zuen atzo Sanchezek, Madrilen izandako manifestazioari erreferentzia eginda. Bada, badirudi ez duela guztiz bat egiten mobilizazioan izan ziren exijentziekin: ez ditu inola ere ukituko etxebizitzaren negozioa eta errentatzaileen irabaziak, diru publiko bidez jarraituko baitu errentadunen jardun espekulatzaileak eta euren etekinak finantzatzen.
"Ez dut etxejabe aberatsen eta maizter pobreen Espainia bat nahi", gaineratu zuen atzo presidenteak. Hala, esan zuen gobernuarentzat "erabateko lehentasun bat" dela etxebizitzaren auzia, eta "neurri sendoak" hartuko dituela. Momentuz, alokairu-bonuei buruzkoa eramango du Ministroen Kontseilura, erkidegoetan martxan jar dadin.
Baldintzak: gehienez 600 euroko alokairuak
Hilean 250 eurokoak izango dira alokairu-bonuak, eta 18 eta 35 urte arteko pertsonek jasoko dituzte. Horretarako baldintzak, dena den, askotarikoak dira. IPREM deituriko errenta-adierazlea baino hiru aldiz diru-sarrera txikiagoak izan beharko ditu bonua eskatzen duen pertsonak, eta gehienez 600 eurokoa izan beharko da ordaintzen duen alokairua (edo 300 eurotik 450 eurora bitartekoa, logela bat bakarrik baldin bada). Zifra guztiz irreal bat, hamaika lekutan.
Alokairu-bonuen eraginetako bat prezioen igoera denean
Halako alokairu-bonuak ezarri dituzten herrialdeetan gertatutakoari buruzko datuak bildu ditu Ekonomia-Politikarako Zentroak (ESADE), eta ondorioak argiak dira: alokairuaren prezioa igotzea ekar dezakete aipatutako bonuek, eta errentatzaileak gai izaten dira dirulaguntza publiko horien gehiengoa poltsikoratzeko.
Frantziako Estatuan, esaterako, diru publikoko alokairu-bonuen %78 eskuratzen dute etxejabeek, eta %60 eta %66 artean Erresuma Batuan. Finlandian dirulaguntzaren %57 jasotzen dute azkenerako errentatzaileek, AEBetan %46, eta Zelanda Berrian %36.