ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/02 16:49

Espainiako Zerga Agentziak ere ez du ezkutatzen jada: aberastasun soziala geroz eta polarizatuago dago. Ogasunaren zerga-aitorpen errealetan oinarritutako estatistikek erakusten dutenez, Espainiako Estatuko biztanleen batez besteko soldata dirusarrera handienak zituen sektorearena baino 7,1 aldiz txikiagoa zen duela hamarkada bat. 2021ean, ordea, distantzia hori 11,5 aldiz handiagoa zen. Hamar urte eskasetan, beraz, 4,4 puntu igo zen tartea; 2,2 puntu urte bakoitzean.

Bestela esanda, biztanleriaren urteko batez besteko soldata (ez soldata ohikoena) 19.102 euro gordinekoa zen, eta batez besteko diru-sarrera altuena, berriz, 143.995 eurokoa; gutxieneko soldata halako hamar. Hamarkada bat beranduago, batez besteko soldata %12,6 hazi da termino nominaletan, hots, inflazioa kontuan hartuta. Errentaren banaketaren arabera goiko aldean sailkatuta daudenen diru-sarrerak, aldiz, %71,9 hazi dira.

Zerga Agentziak dirusarrerei buruz urtero argitaratzen dituen estatistika-datuak dira aurrekoak, soldatapekoek errenta aitorpenean urtero aurkezten dituzten zenbatekoetan oinarrituta. Etengabeko soldata-desberdintasunaren zabaltzea islatzen dute, izan ere, langile klasearen zeharkako zein zuzeneko soldatek kolpe bikoitza jaso dute azken hamarkadan: 2008ko krisiarekin lehena, eta 2020ko osasun-larrialdiarekin ahoz ahoko errematea. Horregatik, gero eta gehiago dira ustezko "susperraldia" ilusio hutsa izan zela dioten ekonomialariak.

COVID-19aren agerpenarekin, errenta altuenen batez besteko dirusarrera Espainiako Estatuko langileen batez besteko soldata baino 12,2 aldiz handiagoa izan zen 2020an. 3,5 milioi behargin inguru aldi baterako lan-erregulazioko espedienteen pean egon zirenez, soldata-murrizketa masiboak ezarri zituzten. Ondorioz, soldata-desberdintasunen zifrak oso altuak izan ziren. Hala ere, soldataren polarizazioa erabat egiturazkoa den fenomeno bat da. XXI. mendearen hasieran, adibidez, distantzia 7,1ekoa zen, 2011ko mailaren antzekoa.

Proletarizazio prozesua

Ekonomialari burgesek hamaika termino baliatzen dituzte fenomenoa izendatzeko: "lan-merkatuaren kalitatearen galera", "lan-merkatuaren segregazioa", "prekarizazioa", eta abar. Fenomenoak errealitate bat eta bakarra adierazten du, ordea: geroz eta gehiago dira bizirauteko euren lan-indarra saltzea beste aukerarik ez duten pertsonak, hau da, proletarizazio prozesu bat martxan da. Zerga Agentziaren 2021eko datu batek ezin hobeto adierazten du: euren lan-indarra besteren bati saltzen ziotela Ogasunaren aurrean aitortzen zuten 18,9 milioi soldatapekoetatik, 7,36 milioik (ia %39k) gutxieneko soldata baino dirusarrera txikiagoa izan zuten (13.510 euro hamalau ordainsaritan).

Beste iturri batzuek, Soldaten Egiturari buruzko Urteko Inkestak, adibidez, erakusten dute Lanarteko Gutxieneko Soldata (LGS) baino gutxiago kobratzen duten langileen ehunekoa lan-indar osoaren %19 dela, gutxienez. Inkesta horren arabera, soldata baxuenak izan zituzten langileen proportzioa %16,6koa izan zen 2020an. Horien artean, %63 emakumeak ziren, lanaldi partziala gehiago gailentzen baita lan-indar femeninoaren kasuan. Beste ikerketa batzuek are gehiago diote, soldata-arrakala amatasunaren ostean zabaldu egiten dela eta denboran zehar irauten duela erakutsi baitute.

Dena den, langile klasea bi sektore nagusitan banatzen duen beste aldagai bat nabari da soldata-egituran: behin-behinekotasuna. Soldatapeko ugari ez daude modu jarraian lan-merkatuan, eta horrek legez ezarritako gutxieneko soldata baino gutxiago jasotzea eragiten du kasu askotan. LGSa baino hamar aldiz gehiago jasotzen duten 69.242 lagunek, aldiz, urtean 247.536 euro irabazi dituzte batez beste. Gutxieneko soldata baino 7,5 eta hamar aldiz gehiago jasotzen dutenen urteko batez besteko soldata ere ez da txikia: 113.433 euro.

Korrelazio zuzena dago dirusarrerei buruzko datu horien eta horiek dituzten batez besteko ordaintzaileen artean, hau da, dirusarrera baxuenak dituzten soldatapekoek, batez beste, 1,6 ordaintzaile dituzte, soldata-banaketaren goiko aldean daudenek 1,2 dituzten bitartean. Horrek esan nahi du, dirusarrerak kuantitatiboki altuagoak izateaz gain, termino kualitatiboetan, handiagoa dela lanpostuetako egonkortasuna.

Laneko asegabetasuna

Aipatutako fenomenoak eragin zuzena du langileek lanaren aurrean duten jarreran. Lanaren Nazioarteko Erakundeak "enplegu-premia asegabeak" deituriko kontzeptu bat identifikatzen du, hiru faktoreren arabera: ordu gehiago lan egiteko beharra duten eta lanerako prest dauden soldatapekoak, baina lanaldi partzialean dihardutenak; lanerako beharra eta prestutasuna dutenak, baina hainbat faktorerengatik (ikasketak, gaixotasunak, etab.) lanik egin ezin dutenak, eta, azkenik, lan egiteko gai direnak, baina motibazio faltagatik bilatzen ez dutenak.

Bada, Espainiako Estatua fenomeno horren podiumean dago Europar Batasunean (EB). Eurostaten datuen arabera, biztanleria aktiboaren %24,1i eragiten dio laneko asegabetasunak. Paradoxikoki, Espainiako Estatua EBko enplegu tasa altuenak dituzten herrialdeen artean dago, justuki, langabezian dauden behargin ugarik lanposturik bilatzen ez dutelako. Pobrezia egoeran dauden langileen multzoa handia dela jakinik, aurrekoak badu zerikusirik Espainiako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Europako Sareko lehendakariak zioenarekin: "Lanak ez badu jendea pobreziaren mugaren gainetik kokatzea lortzen, ez du bere funtzio soziala betetzen".

Soldata-bahiketa

Lege sozioekonomiko horren ondorioak sumatzen hasi dira Espainiako Estatuan. Fenomenoa azken lau hamarkadetako prozesu baten emaitza da, gutxienez. 80ko hamarkadan, Espainiako Estatua Europar Komunitatean sartu eta berehala, gutxieneko soldatak murriztu ziren; sindikatuen negoziaziorako ahalmena etengabe jaisten joan da eta aurrerapen teknologikoak arrakala eragin du formakuntzaren arloan.

Espainiako Bankuko ekonomialariek ziurtatzen dutenez, soldata-sakabanaketa 70eko hamarkada erdialdera arte murriztu zen, 1975. eta 1985. urte artean egonkor mantendu zen, 80ko hamarkada erdialdean "zertxobait" igo zen, eta 90eko hamarkadatik aurrera, berriz, izugarri areagotu zen. Horrek guztiak zuzenean eragin du soldatetan, kontua jada ez baita "soldaten eustea" indarrean dagoenik, soldatak esku zein oinetatik lotuta eta ahoa estalita trenbidearen erdian daudela baizik, inflazioaren trena abiadura bizian datorren bitartean.

NO HAY COMENTARIOS