ACTUALIDAD / Itaia
Eraso matxisten gogortzea eta normalizazioa salatu ditu Itaiak Iruñean, 'Manada' auziaren 10. urteurrenean
"Diskurtso matxista eta erreakzionariei erantzuteko unea da; eraso baten aurrean aurpegia emateko unea da; erasotzaileei aurre egiteko unea da; matxismoaren aurka indar politikoa garatzeko unea da", aldarrikatu du sanferminen atarian.
2026eko uztailaren 5 - 08:21
Eraso matxisten gogortzea eta normalizazioa salatu ditu Itaiak Iruñean, 'Manada' auziaren 10. urteurrenean

Iruñean, manifestazio jendetsu bat egin zuen atzo Itaiak, Emakumeen Antolakunde Sozialistak, indarkeria matxista gogortu dela salatzeko eta horren aurka antolatzera deitzeko. Izan ere, manifestazioaren amaierako hitz-hartzean salatu zuen "eraso matxisten gogortzea eta normalizazioa" gertatzen ari direla jendartean, eta "bereziki kezkagarria" izaten ari dela urtea Nafarroan.

"Bi bortxaketa saiakera kalearen erdian, adingabeen kontrako sexu-eraso ugari, eta polizia erasotzaile eta konplizeen hainbat kasu. Horiez gain, gogora ekarri nahi ditugu aurten Nafarroan eraildako hiru emakumeak, baita Nagore Laffage ere; indarkeria matxistaren aurpegirik gogorrena bizi izan genuen 2008ko sanferminetan". Eta gaineratu zuen: "Haiengatik guztiengatik, eta indarkeria matxista jasan eta jasaten duten guztiengatik, borrokan segitzea dagokigu, erasotzaileen inpunitatea eta matxismoa amaitu arte".

Hamar urte 'Manada' auzitik

Horiek horrela, sanferminak gainean direla, Itaiak gogorarazi du ezinbestekoa dela sexu-erasoen aurkako "jarrera irmoa" izatea: "Badakigu jai giroan gure aurkako erasoak ugaritu egiten direla". Aurtengo sanferminetan, gainera, hamar urte beteko dira Manada auzitik: 2016an bortxatu zuten emakume gazte bat bost gizonezkok, taldean, eta inflexio-puntu bat izan zen hura biolentzia matxistaren aurkako borrokan, jendetza atera baitzen kalera protesta egitera.

"Kasu horrek agerian utzi zuen justizia eta instituzioak klasistak eta matxistak direla. Izan ere, gure hitza etengabe zalantzan jartzen dute, behin eta berriz berbiktimizatzen gaituzte eta salaketa asko gutxiesten dituzte. Aldiz, erasotzaileek legearen babesean beti topatzen dituzte beraien buruak babesteko eta gizarte mailan erasoak zuritzeko moduak",  salatu du Itaiak urteurrenean.

Kale mailan, "erantzuna eredugarria" izan zela nabarmendu du Emakumeen Antolakunde Sozialistak, baina azken urteetan gaitasun mobilizatorioa galdu dela ohartaraziz. Uste du "feminismoaren zati baten instituzionalizazioak" ekarri duela arazo hori, "indarkeria matxista kudeaketa instituzional eta juridikora bideratu" baitute. "Agerian geratu da proposamen horrek matxismoa amaitzeko egiturazko mugak dituela. Eta, bien bitartean, kale mailako erantzuna apaltzen joan da", seinalatu du.

"Diskurtso matxista eta erreakzionarioei erantzuteko unea da"

Itaiak kezkaz azaldu du indarkeria matxistaren "errealitate gordina" ukatzen duten ahotsek indarra hartu dutela jendartean. "Faxistak indarkeria matxista gutxiesten eta ukatzen ari dira eta, Iruñean ikusi bezala, emakumeon aurkako erasoak erabiltzen dituzte beren ideologia faxista zabaltzeko", salatu du: "Ondo dakigu zein den haien helburua: emakumeok zapalduta eta esaneko mantentzea".

Horiek horrela, antolakundeak esan du ez duela baimenduko "diskurtso matxista eta erreakzionario horiek zabaltzen jarraitzea", eta, "orain arte egin bezala, faxismoaren eta matxismoaren aurkako borrokan lehen lerroan" segituko duela. 

Manada auzitik hamarkada bat beteko denean, beraz, Itaiak adierazi du "duela hamar urte kaleetan piztu zen erantzun irmo eta jendetsu hura berriz indartu" nahi duela. "Garai horretako antolakuntzari eta indar mobilizatorioari esker, indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia eta erasotzaileen aurkako jarrera zabaldu ziren. Eta, orain ere, inoiz baino garrantzitsuagoa da matxismoaren aurka kaleak hartzea", sakondu du: "Ez da momentua arduragabekeriaz jokatzeko edo erasoen aurrean beste aldera begiratzeko. Diskurtso matxista eta erreakzionariei erantzuteko unea da; eraso baten aurrean aurpegia emateko unea da; erasotzaileei aurre egiteko unea da; matxismoaren aurka indar politikoa garatzeko unea da". 

Itaiako kideek beharrezkotzat jo dute "matxismoarekin behin betiko amaitzeko" borroka egitea, eta, horretarako, "emakumearen zapalkuntza oinarri duen gizarte kapitalista kolpatzea". "Guztion ongizatean eta berdintasunean oinarrituko den gizarte sozialista eraiki behar dugu. Gaurdanik, borroka horretara batzera dei egiten dizuegu", gaineratu du.