ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
2023/05/25 13:23

10:30ean hasi da etxegabetze baten kontrako protesta Erandioko (Bizkaia) Tartanga kaleko 8-J atari aurrean. Kaleratzea hainbatetan atzeratu ostean, gaurko zegoen ezarrita bizilagun baten etxegabetzea. La Caixaren jabetzakoa da etxea, eta  zenbait urtez bizi izan da han gaur kaleratutako pertsona; duela bost urte birjabetu zion pisua banketxeari, aurretik beste bost urte hutsik zeramatzanean.

Bilboko (Bizkaia) Etxebizitza Sindikatuak eta Uribe Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak deituta bertaratu dira hainbat eta hainbat lagun goizean, etxegabetzeari aurre egiteko eta bizilagunari babesa emateko. Polizia-indarrak ere goizean goizetik ibili dira inguruan.

Ertzaintza, segizio judiziala eta sarrailagilea, eskutik

8-J atari aurrean elkarretaratu dira protestan, eta 11:00ak aldera heldu da segizio judiziala, Ertzaintzak lagunduta. Polizia-indarrak garajetik sartu dira atarira, eta etxegabetu behar zuten pertsonari babesa adieraztera hurbildu diren hainbat lagun ere barruan izan dira. Haien kontra oldartu dira ertzainak, baita kanpoaldean, atari aurrean, protestan zeudenen kontra ere.

Segizio judizialarekin eta polizia-indarrekin batera bertaratu da sarrailagile bat ere, eta hari esker lortu dute etxera sartzea. Bizilaguna eta berekin zeuden pertsona guztiak indarrez kanporatu dituzte pisutik.

Protestaren amaieran jakinarazi dute, gainera, gaurkoan beste etxegabetze bat ere izan dela Erandion bertan.

Etxebizitza-alternatibarik ez

Gaur etxetik bota duten pertsonak berak azaldu duenez, Erandioko Udalak etxebizitza-alternatiba bat eskaini zion Sestaon (Bizkaia). Duela hilabete "degradatutako eremutzat" jotako eremu batean dago pisua, 1902. urteko eraikin batean. Hango alokairua ordaintzeko dituen zailtasunak direla-eta hainbat zalantza eta ezintasun adierazi zituen berak, baina erakunde publikoek ez dute beste alternatibarik jarri mahai gainean.

Beste protesta bat arratsaldean

Erandion gaur izan diren bi etxe kaleratzeak gaitzesteko, beste protesta batera deitu du arratsalderako Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Irailaren 23a plazan izango da elkarretaratzea, Erandioko udaletxe aurrean, 19:30ean hasita. "Instituzioen faltsukeria eta indarkeria poliziala" ere salatuko dituzte mobilizazioan.

Gaurko kaleratzeko irudi guztiak, hemen:

NO HAY COMENTARIOS