Goierriko Itaiak urtarrilean jarri zituen martxan Emakume Eskolak. "Emakume langileon ahalduntze politikoa" helburu, formakuntza politikorako hainbat saio egingo zituztela jakinarazi zuten Itaiako kideek, "hausnarketarako eta eztabaidarako espazioen beharrari" azpimarra eginda.
Goierriko zenbait herritan aurkezpenak egin ostean, urtarrilaren 23an eta 24an izan ziren Emakume Eskolen barruan antolatutako aurreneko saioak. Itaiak bere blogean argitaratutako bi testu landu zituzten orduan; hain zuzen, Egunerokoan bizi ditugun harremanen inguruko hausnarketa lanketaren bi zatiak.
Handik hilabetera egin zuten bigarren saioa, eta Itaiaren Gizartearen biolentziaz, jai giroaz eta hipersexualizazioaz testua oinarri hartuta, jai eredu kapitalistaren eta emakumeen hipersexualizazioaren inguruan hausnartu zuten. Martxorako jarri zuten hirugarren hitzordua: Itaiaren Emakume langileon heziketa politikoaz testua landu zuten, eta "emakume langileon gaitasun politikoak areagotzeko eta subjektu gaitu bilakatzeko beharraren" inguruan hausnartu zuten. Laugarren saioa apiril amaieran izan zen, eta Maiatzaren Lehena hartu zuten gogoetarako abiapuntutzat. Hala, "emakume langileon zapalkuntza gainditzeko hainbat proposamen politikoren inguruan" aritu ziren.
Eskualdeko lau herritan izan dira Emakume Eskolak aurten; hain zuzen, Beasainen (Gipuzkoa), Legazpin (Gipuzkoa), Ordizian (Gipuzkoa) eta Urretxun (Gipuzkoa). Aurreko larunbatean, dena den, "bukaera bateratua" eman zioten guztiek zikloari. Beasainen elkartu ziren ikasturteko azkeneko saioa egiteko: Hautu baten erronkez hitzaldia. "Ikasturte osoan zehar landurikoak barnebilduta, antolakuntzaren hautuak dakartzan erronkak" izan zituzten aztergai, eta gero, kontzertua eskaini zuen Esanezin musikariak.