Duela hiru urte, 2016. urteko otsailak 6, emakume gazte bat bortxatu zuen gizonezko batek Altsasuko (Nafarroa) taberna batean. Jai testuinguruan jazo zen erasoa. 2019. urteko apirilaren 24ean bukatu zen bortxatzailearen aurkako epaiketa, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen sexu-erasoa izan zela gertatutakoa, Nafarroako Auzitegiak igorritako sexu-abusu epaia zuzenduz. Orduz geroztik, kartzelan dago gizonezkoa.
Jazarpena
Sententzia argitara irten zenetik, erasotzailearen inguruko hainbat pertsonak emakumearen aurkako kanpaina jarri dute martxan, sare sozialen bitartez batez ere. Batetik, bortxatzailearen aldeko sinadura bilketa egin dute, eta bestetik, etengabe jazarri dute emakumea Facebook sarea erabilita. Bertan, haren datu pertsonalak plazaratu dituzte, baita gertaerak manipulatu ere. Altsasun zurrumurru ugari zabaldu dituztela ere adierazi dute mugimendu feministako zenbait kidek.
Hala, "beste behin ere kalera ateratzeko beharra" azaleratu dela diote Altsasuko mugimendu feministakoek; izan ere "jazarpen horrek ez du etenik". "Nazkatuta gaude erasotuak izateaz gain, herriaren epaiketa bikoitza jasateaz", azaldu dute. Emakumeari babesa adierazteko zein haren aurkako jazarpen kanpainari aurre egiteko, elkarretaratzea egin zuten atzo Altsasun, eta herritar ugari batu ziren.