Sektore publikoan zein pribatuan kontsultatutako ekonomialari nabarmenen bi herenek "atzeraldi globala" aurreikusten dute 2023. urterako, Munduko Ekonomia Foroak bere programaren bezperan argitaratutako inkesta baten arabera. Irailean egin zuten azken kontsulta, eta aste honetako emaitza orduan erregistratutakoaren bikoitza da. Bestalde, Price Waterhouse Coopers (PwC) erakundeak 105 herrialdetako 4.400 exekutibo gorenen artean egindako beste inkesta baten arabera, %70ek baino gehiagok aurreikusten dute okerrera egingo duela egoera ekonomikoak.
Espero zena baino negu epelagoa, eta, beraz, gasaren kontsumo baxuagoa izan da batetik. Bestetik, egia da inflazioa zertxobait apaltzen ari dela hainbat herrialdetan. Elementu koiuntural horiek, ordea, ez dira ekonomia kapitalistaren egonkortasunaren adibide. Kontrara, azpiko inflazioak mehatxati jarraitzen du, eta garestitze-prozesuan zehar langile familia ugariren erosahalmena zein aurrezkiak nabarmen jaitsi dira dagoeneko. Ikusi besterik ez dago non geratu diren soldatak ia leku guztietan: prezioen igoeraren oso atzetik.
Aberastasun sozialaren kontzentrazioa
Krisiak irabazleak eta galtzaileak ditu. Oxfam erakundeak desberdintasunaren inguruko txosten bat argitaratu zuen joan den astelehenean, eta adierazten duenez, "munduko biztanleriaren %1 aberatsenak aberastasun berriaren ia bi herenak bereganatu ditu 2020tik hona". 2019ko abenduaren eta 2021eko sasoi berdinaren artean, 42 bilioi dolarreko aberastasuna metatu dutela kalkulatzen da. "Gizateriaren gainerako %99aren ia bikoitza" da hori, kopuru horren barruan ere sektore aberats izugarri handiak egon arren. Kontzentrazioa da auzia: azken hamarkadan, %1 aberatsenak aberastasun berriaren %50 inguru harrapatu du.
Mila milioi dolarretik gorako aberastasuna dutenen dirutza eguneko 2.700 milioi dolarreko erritmoan hazten da. Hori guztia irabazi historikoen hamarkadari gehitu behar zaio; mila milioidunek, goi burgesiak, bere aberastasuna bikoizteko baliatu duen krisiaren hamarkadari, alegia.
Espainiako Estatuan
Goi burgesiak COVID-19aren pandemia aurreko irabazi-tasak berrezarri ditu prezioen igoeren eskutik. Perspektiban jarrita, 2020tik, Espainiako Estatuko milioidunen aberastasunaren balio bateratua ia 3.000 milioi dolar handitu da; hau da, egunean 3 milioi dolar inguru. Are argiago ikus daiteke atzerago joanda: 2008an aberastasun handiena zuen %1ek guztizko aberastasun garbiaren %15,3 biltzen zuen, baina 2021ean jada %23,1 zen; 4 eurotik 1, gutxi gorabehera.
Zifrak oso bestelakoak dira proletariotzaren barruan. 2022ko urtarriletik azarora bitartean, inflazioak diru-sarrera handienak dituzten etxekoen unitateek baino %6 gehiago murriztu du egoera okerrenean dauden familien erosahalmena. Aldi berean, soldatak, termino errealetan, 2008an hasi zen atzeraldiko urterik txarrenetan izandakoen antzeko mailara jaitsi dira, eta ordukoak baino %4 txikiagoak dira.