Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak jardunaldi nazional bat egingo du aurten ere, Hernanin (Gipuzkoa), ekainaren 4an. Hilabete hasieran eman zuen argitara jardunaldiaren egitaraua, baina zehaztapenak eman ditu aste honetan; hain justu, hitzaldi bakoitzean landuko diren edukiak xehatu ditu.
10:30ean izango da aurreneko hitzaldia, Emakumeon zapalkuntzaren azterketa eta horren ondorio politikoak. Itaiako kideen arabera, "zapalkuntza osotasun sozialaren baitan ulertzeko oinarrizko gakoak" aterako dituzte mahaira saio horretan, ulerkera horren "ideia nagusiak" azalduz eta berekin dakartzan "erronka politikoak" aztertuz —ikusi hemen azalpena, bideoan—.
12:30ean, berriz, Emakume langileon egoera egun. Joera ekonomiko, politiko eta kulturala hitzaldia hasiko da. "Krisi kapitalistaren testuinguruan, emakume langileon zapalkuntzaren egungo joera nagusiak identifikatuko dira, ahalik eta eraginkorrenak izango diren estrategia politikoak martxan jarri ahal izateko. Arlo ekonomikoa, politikoa zein kulturala landuko dira", zehaztu du Itaiak —ikusi hemen azalpena, bideoan—.
Bestalde, arratsaldean ere izango da hitzaldi bat: Emakume frontearen erronkak eta emakumen ahalduntze politikoa. Zenbait galdera hartuko dituzte abiapuntu modura saio horretan: "Zein da egun Mugimendu Sozialistaren baitan emakumeon fronteak betetzen duen lekua? Zein ekarpen egiten dio Mugimendu Sozialistak emakumeon askapenari?" —ikusi hemen azalpena, bideoan—.