AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/05 22:06

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak apirilean jakinarazi zuen Euskal Herri mailako jardunaldi bat egingo duela aurten ere. Iaz Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa) ehunka lagun bildu eta ia urtebetera, Hernanin (Gipuzkoa) egingo du jardunaldi nazionala Itaiak, datorren ekainaren 4an. Emakume langileek jasaten duten zapalkuntzaren inguruko "analisiak egitea" da jardunaldiaren helburu nagusia, baita "horri aurre egiteko ditugun erronka politikoen inguruan eztabaidatzea" ere.

Atzo argitaratu zuten jardunaldiaren egitaraua Itaiako kideek. Ekainaren 4an 10:00etan elkartuko dira Hernanin, eta 10:30ean izango da aurreneko hitzaldia: Emakumeon zapalkuntzaren azterketa eta horren ondorio politikoak. Handik bi ordura, 12:30ean, eguneko bigarren hitzaldiari ekingo diote: Emakume langileon egoera egun. Joera ekonomiko, politiko eta kulturala.

Bi saio indartsu horien ostean, bazkaltzeko tarte bat izango da, eta 17:00etan hasiko da eguneko hirugarren eta azken hitzaldia: Emakume frontearen erronkak eta emakumen ahalduntze politikoa.

Saio guztiak bukatzean, 19:30ean, jaialdi bati emango diote hasiera Hernanin bertan. Lau musika talde arituko dira: Ithaka, Trikoma, J Martina eta Malakias&Maixa.

Oraindik ez dute argitu Hernaniko zein lekutan izango den ekimen bakoitza, baina aurrerago zehaztuko dituzte xehetasunak. Bestalde, jardunaldirako sarrerak eskuragai daudela azaldu dute; eskuratu nahi dituztenek, tokian tokiko Itaiako kideengana jo dezakete.

EZ DAGO IRUZKINIK