ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/23 15:11

Mobilizazio jendetsu bat izan zen atzo arratsaldean Lizarran (Nafarroa), Sugarra Gaztetxearen alde. Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearekin batera egin zuten mobilizazio deialdia Gaztetxeko kideek, eta ehunka lagun batu ziren, aldarri argi batzuekin: UPN buru duen Lizarrako Udalaren jarrera autoritarioa gaitzetsi zuten, baita Sugarraren aurkako errepresio ekonomikoa gera dezatela exijitu ere.

Manifestazioaren amaieran, deitzaileek ohartarazi zuten arriskuan dagoela Gaztetxea, "jazarpen polizialaren eta alderdi instituzionalen jarrera autoritarioaren ondorioz". Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta Lizarrako Udalak jarritako zigorrak kontuan hartuta, 20.000 eurotik gorako isunei egin beharko diete aurre Sugarrako kideek, apirilean jadanik jakinarazi zutenez. "UPNk prokiektuarekin bukatzeko mehatxu zuzenak egin ditu", gainera.

Beste eraso bat

"Kolpe horien aurrean ez gara kikilduko. Sugarra Gaztetxea beste edozerren gainetik defendatuko dugu", aldarrikatu zuten atzo gazteek: "Espazio hau gazteontzako sozializaziorako eta politizaziorako tresna da, geure burua modu askean antolatzeko lekua. Ez diogu honi uko egingo, Lizarraldeko gazteontzako ezinbesteko espazioa delako".

Argitu zuten, bestalde, zigor ekonomiko erraldoi modura heldu den azken erasoa ez dela gaur egungo Gaztetxeko kideen kontrakoa soilik, "instituzioengandik modu autogestionatuan antolatu den eta 28 urteko ibilbidea duen proiektu zabal baten aurkako eraso bat" baizik. Bat gehiago "azken urteetan Euskal Herri osoan egon diren Gaztetxe eta gune autogestionatuen aurkako erasoen zerrendan", bai eta "Lizarraldeko gazteon eta ikasleon aurkako eraso bat" ere.

Elkartasun antolatua, Defentsa Komunitatearen eskutik

"Instituzioen botere-egitura judizial eta polizial izugarri handiaren aurrean, desjabetuon arteko elkartasun antolatua da gure hautua", azaldu zuten Sugarrako kideek atzokoan. Hala, azken 28 urteetan "gure herrian Gaztetxe bat egotea ahalbidetu" duten pertsona guztiei eskerrak emateaz gain, Euskal Herriko hamaika herritatik jasotako elkartasun-keinuak izan zituzten gogoan: "Herrien arteko harreman eta sareak sortzea ezinbestekoa da topatzen ditugun zailtasunei modu kolektiboan aurre egiteko".

Gogorarazi zuten Defentsa Komunitatearen parte diren Gaztetxeek eta bestelako espazioek apustua egin dutela "erasoen aurrean elkartasun antolatuarekin erantzuteko": "Horri esker, Sugarra Gaztetxearentzat Defentsa Komunitatearen laguntza juridiko, ekonomiko eta mobilizatzailea oso garrantzitsua izan da jasan ditugun erasoei aurre egiteko".

Errepresioa eten

"Nafarroako Gobernuan dagoen PSNren zein udalean dagoen UPNren oztopoen gainetik, Gaztetxeak aurrera jarraituko du", esan zuten Sugarrako kideek: "Beraien esku dago errepresioaren bidea itxi eta Gaztetxearekin errespetuzko bideak irekitzea". Oroitarazi zuten, izan ere, Lizarran jende ugarik daukala uste osoa Sugarrarengan: "Entzun dezatela
instituzioen bulegoetan dauden politikari profesionalek gure mezua, utzi Sugarra bakean!".

Aurrera jarraituko dutela azpimarratu zuten Lizarrako kideek, Defentsa Komunitatearen eskutik : "Lizarrako lehenengo Gaztetxea desalojatu egin zuten, bigarren Gaztetxean milaka oztopo jarri zituzten, baina, oztopo guztien gainetik, beti egin dugu aurrera. Guk ere borrokan jarraituko dugu, gazteok antolatuta bagaude, ezingo dutelako Sugarraren argia itzali".

NO HAY COMENTARIOS