ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Debate
2023/03/17 09:04

Protesta gaua izan da iragan dena Frantziako Estatuan. Hiriburu ugaritan atera dira kalera milaka eta milaka pertsona, Frantziako Gobernuak indarrean sartu nahi duen erretreten erreformaren kontra; hala nola, Parisen, Marseillan, Nantesen, Rennesen eta Lyonen. Protestan zeudenen aurka gogor egin dute polizia-indarrek: negarra eragiteko gasak eta ur kanoiak erabili dituzte, eta ehunka lagun atxilotu dituzte. Parisen soilik, gutxienez 258 dira atxilotuak.

Parisen luzea izan da gaua: protestan ari zirenek barrikadak jarri dituzte hiriburuan zehar, eta pilatuta zeuden hainbat eta hainbat zabor-poltsak su hartu dute. Izan ere, erreformaren kontrako greba deialdietara batu dira zabor-biltzaileak ere, nahiz eta badirudien euren greba eskubidea urratu eta zaborrak jasotzera behartuko dituztela aurki, Barne Ministerioak aditzera eman duenez.

Eguneko aurreneko argi-izpiak irtetearekin batera piztu dira protestak berriz. Parisen, zehazki, hainbat bide itxi eta blokeatu dituzte jada, auto-ilarak eraginez.

Erreforma, dekretuz ezarria

Egun erabakigarria izan zen atzokoa erreformaren izapidetzeari dagokionez. Batzorde mistoak azken testu bat adostu ostean, atzo izan zen behin betiko bozketa Senatuan, eta gobernuak erraz lortu zuen han erreformaren aldeko gehiengoa osatzea, kontserbadoreen eta liberalen babesarekin.

Arratsaldean ziren bozketa berdina Asanblea Nazionalera eramatekoak, baina, azkenean, aurreikuspenak bete ziren eta mekanismo autoritario batera jo zuen gobernuak: saioa hasi aurretik elkartu zen ministroekin Emmanuel Macron presidentea, eta baieztatu zien parlamentu-bozketa baztertu eta dekretuz aplikatuko zuela erretreten erreforma. Hain justu, konstituzioak barne hartzen duen 49.3 artikuluaz baliatu da gobernua, eta parlamentu-bozketarik egin gabe sartuko du indarrean neurri sorta berria.

Hala ere, oposizioak jakinarazi du zentsura mozioak aurkezteko asmoa duela, eta 15:00ak heldu aurretik egin beharko du hori. Ikusteke dago mozioek aurrera egiten duten edo ez, baina Asanblea Nazionalean gehiengoa lortuko balute, Elisabeth Borne Lehen ministroa eta bere gobernua egongo lirateke kolokan, hauteskunde-agertoki posible bati bide eginez. Une honetan, hori izango litzateke ganberetan erreformaren behin betiko izapidetzea oztopatzeko modu bakarra.

Greba hurrengo ostegunerako

Bitartean, badirudi erreformaren kontrako mobilizazioek indarra hartzen jarraituko dutela. Sindikatuek greba orokor batera deitu dute berriz hurrengo ostegunerako, martxoaren 23rako. Urtea hasi zenetik, neurri berrien aurkako zortzi mobilizazio egun handi izan dira estatuan.

NO HAY COMENTARIOS