Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) faxistei ere lekua egiten die, ikasle-mugimenduaren Leioatik! atariak salatu duenez. Leioako (Bizkaia) campusean lan-zuzenbidea irakasten duen pertsona batek agerian utzi ditu bere ideia faxista eta erreakzionarioak, X sare sozialean zabaldutako hainbat edukiren bitartez, eta eskolak ematen jarraitzen du hala ere.
Besteak beste, Santiago Armesilla faxistak eta Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangeak (Falange Española de las JONS, gazteleraz) X plataforman egindako hainbat argitalpen partekatu ditu aipatutako irakasleak.
"Islamiar jantziak debekatu behar dira Espainian", dio Armesillaren mezuetako batek; eta "Gure jendea Europar Batasunaren gainetik dagoelako: bozkatu Ofentsiba Nazional-Sindikalistako Batzordeen Espainiako Falangea. ¡Arriba España!" dio Falangearen argitalpenetako batek.
Heriotza-zigorra aldarrikatzen duen mezu bat ere zabaldu du EHUko irakasle faxistak, "marikoikeriak" alde batera uzteko eskatuta.