ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/24 00:15

Atzo arratsaldean, 18:00ak igarota, Antsoainera (Iruñerria, Nafarroa) hainbat desokupa bertaratu zirela jakin zen. Soldatapeko matoiak dagoeneko etxe baten barruan zeudela zabaldu zen gertatzen ari zena, baina dena den hainbat pertsona hurbildu ziren Plaza Berrira, desokupei aurre egiteko. Foruzaingoak babestu zituen eskuadristak, polizia-lerro bat osatu baitzuen hustutako etxearen atarian.

Desokupek 19:00ak aldera egin zuten alde, foruzainek babestuta une oro: izan ere, atzetik jarraitu zien jende andanak, "faxistak kanpora!" oihu artean besteak beste. Desokupei aurre egiten ari zirenen kontra oldartu zen Polizia momentu batean, eta kargak izan ziren. Azkenean, Foruzaingoak lagunduta, ihes egitea lortu zuten faxistek.

D&S Desokupa berriz ere

Sistema 161 atariak ondorioztatu duenez, D&S Desokupa talde parapoliziala da atzo Antsoainera bertaratu zena, Horus Desokuparen eskutik. Bietako bat ere ez omen dago ofizialki erregistratuta, nahiz eta gaur egun hedatzen ari diren eta beste izen batzuk hartuta ere jarduten duten. D&S taldeak berriki jakinarazi du higiezinen agentzia bat sortuko duela izen berarekin, eta Horus Desokupa edo Desokupa Brothers izenekin aritzen hasi da. Beti dira matoi berak, ordea.

D&S-ko partaiderik ezagunenetako bat identifikatu zuen Antsoainen Sistema 161-k: Rafael Gonzalez (jertse beltzez zegoena). Badirudi bera dela enpresako gerentea, eta aurrez ere egin du lan desokupatzaile gisa, DIO Express 24h taldean esaterako. Franco diktadore faxistaren aldeko argitalpenak partekatu izan ditu bere sare sozialetan, eta jakina da Andaluziako eta Valentziako nazi ugarik jardun dutela berekin besoz beso, D&S-n bertan.

Aurreko urtean ere izan zen Euskal Herrian Gonzalezen enpresa: Andoainera (Gipuzkoa) hurbildu ziren talde eskuadristako hainbat soldatapeko, etxe-kaleratze bat egiten saiatzeko. Jazarria izaten ari zen pertsona babesteko eta desokupei kontra egiteko asmoz, mobilizatzera deitu zuen Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta faxistak kanporatzea lortu zuten.

NO HAY COMENTARIOS