ACTUALIDAD / Itaia
Donostian, antiabortistei aurre egingo die Itaiak asteazkenean
Abortatzeko klinika baten ondoan elkarretaratzeari ekingo diote berriz antiabortistek, eta horren aurka, arratsalde osoko egitarau bat egingo du Itaiak Eason.
2026eko otsailaren 16
Donostian, antiabortistei aurre egingo die Itaiak asteazkenean

Abortuaren aurkako manifestari ultrakatolikoek urteak daramatzate Gasteizko nahiz Donostiako Askabide kliniken aurrean elkarretaratzeak egiten, haurdunaldia etetera doazen emakumeei eta klinikako langileei jazartzeko. Gasteizko epaile batek 21 antiabortista absolbitu ostean, berriz hasiko dira jazarpen-kontzentrazioak egiten, Donostiako Amara auzoan behintzat: hala jakinarazi du bertako Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak.

Asteazken honetan hasiko da Garizuma, eta horrekin bat eginez ekingo diote antiabortistek Donostiako Askabide klinikaren alboan biltzeari, 40 egunez. Itaiak, baina, aurre egingo die: asteazkenean bertan, egun osoko egitarau bat izango du Easo Plazan, "argi uzteko ideia erreakzionarioek gurean ez dutela tokirik".

Abortuaren kriminalizaziorik ez! Abortu eskubidea defendatu! lelopean, 16:00etan hasiko da egitaraua Eason: informazio-gune bat muntatuko dute bertan, eta zenbait testigantza ezagutzeko aukera egongo da. 17:30ean abortuaren inguruko hitzaldi bat eskainiko dute, eta 18:30erako, berriz, elkarretaratze bat antolatu dute. "Emakumeen eskubideen aurkako ideiak gero eta hedatuago dauden honetan, beharrezkoa da abortuaren aurkako kriminalizazioa salatzea eta kalitatezkoa eta doakoa izango den abortu eskubide unibertsala aldarrikatzea", azaldu du Donostiako Itaiak.

Momentu honetan, legez, antiabortistek debekatuta daukate kliniken aurrean elkarretaratzea: gutxienez 100 metrora jarri behar dutela dio Espainiako Estatuan indarrean den Abortuaren Legeak. Irutxuloko Hitza-k jaso duenez, azken urteetan, eskuin muturreko hainbat talde egon dira abortuaren kontrako mobilizazioen atzean: Rezar no es delito, Enraizados, Hazte oir zein Vox identifikatu ahal izan ditu hedabideak.

Gasteizko epaile batek berriki 21 antiabortista absolbitzean, abortatzeko eskubidearen alde mobilizatu da Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista: abenduan egin zuen kontzentrazio bat Arabako hiriburuan, Abortatzeko eskubidea defendatu! aldarritzat hartuta.