ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/26 09:21

Desokupazio-enpresa bat, DesokupaCyl, Zornotzan (Bizkaia) bizi den pertsona bat etxegabetu nahian ari da. Horren berri izan bezain pronto egin zuen mobilizazio-deialdi bat Matrailu Gaztetxeak, "faxistei mezu argi bat" emateko: "Aurrean izango gaituzue". Ostiral iluntzean izan zen protesta Urgozon, eta aldarri ugari ikus zitezkeen bertan: Etxegabetzeak gelditu, Faxistak kanpora, Desokupazio-enpresa faxistak suntsitu... 

Euskal Herrian, hainbat etxe-kaleratze gauzatu nahian ari da DesokupaCyL: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, hainbat saiakera egin dituzte azken asteetan Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Barakaldon (Bizkaia), eta Zornotzan bertan. Zornotzako kasuan, Matrailuko kideek jakinarazi dutenez, biktimaren etxeko atarira mehatxuka sartu ziren desokupak, "etxetik botako zutela esanez eta bere inguruko gezurrak zabalduz sareetan". Faxistek, gainera, hilabeteak daramatzate pertsona horri jazartzen, "bere etxera gerturatuz edo telefonoz", ostiraleko elkarretaratzean azaldu zuten bezala.

"Jabeek matoi zikin horiek kontratatzen dituzte familien etxeetara joateko eta mehatxua, beldurra eta presioa erabiliz ilegalki etxegabetzeko", zioten manifestariek: "Argi geratzen bada ere legea jabeentzat egina dagoela, ez dute inongo arazorik lege hori saltatu eta inpunitate osoz jokatzeko. Izan ere, indar polizialen konplizitate lotsagarriarekin jarduten dute: haien babesarekin, aliantza garbiarekin eta talde parapolizial gisa funtzionatuz". Nabarmendu zuten, horrez gain, "ideia errakzionarioen zabalpenerako tresna" ere badirela desokupazio-taldeak, "arrazakeria, ultranazionalismoa edo klasismoa bezalako gorroto-ideologiak normalizatzen" dituztelako eta "kapa zaurgarrienak jopuntuan jartzen" dituztelako.

Desokupazio-taldeak "familien ezjakintasunaz eta babesgabetasunaz" baliatzen direla ohartaraziz, "elkartasuna antolatzea" ezinbestekotzat jo zuen Matrailuk, "ikusi baitugu erantzun kolektiboen aurrean ez dutela beraien helburuak lortzeko aukerarik". "Desokupazio-enpresekin gertatzen ari dena gehiegikeria edo anomalia bat izatetik urrun, orokorrean gertatzen ari den faxismoaren gorakadaren seinale da", azpimarratu zuen: "Argi utzi behar dugu horrelako erasoak ez ditugula baimenduko ez Zornotzan ez inon".

NO HAY COMENTARIOS