Desokupacyl desokupazio-enpresa Barakaldoko (Bizkaia) Burtzeña auzoan ari da esku hartzen: Ezkerraldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, familia bat jazartzen ari da bere etxetik alde egin dezan, tartean, adin txikiko hiru pertsona. Desokupacyleko matoiak duela bi aste bertaratu ziren familiaren etxeko atarira, eta mehatxu egin zien, euren etxebizitza uzten ez bazuten, indarrez botako zituztela esanez. Taldeko buru Luis Núñez Mané-k aurreko hilean zioen Euskal Herrian izango zela, eta badirudi Barakaldo dela bere geralekuetako bat.
Desokupazio-enpresak eta betetzen duten lana gaitzetsi ditu sindikatuak, eta talde faxista horien aurka nahiz etxebizitzaren negozioaren aurka antolatzera deitu du. Horri lotuta, asanblada ireki bat antolatu du ostiralerako, abenduaren 12rako: iluntzeko 19:30ean izango da, Burtzeñako frontoian. "Asanblada horren bidez, gertatutakoa aztertuko dugu, desokupazio-enpresen auzian sakonduko dugu, eta horien aurrean auzotarren erantzun antolatu bat artikulatzeko oinarriak finkatuko ditugu", diote sindikatuko kideek.
Desokupak "kapital errentatzailearen mertzenarioak" direla ohartarazi dute, eta desokupazio-taldeen gorakada "langile-klasearen bizi-baldintzak kolpatzen dituen krisi larriarekin" lotu dute zuzenean. Fenomenoaren "kutsu politikoari" ere egin diote azpimarra gainera, desokupazio-enpresak "eskuin muturreko militantez" josita daudela eta haien jarduerak "pobreziaren eta proletalgo migratzailearen kriminalizazioan laguntzen" duela gogoraraziz. Horrekin batera, eta "behar oinarrizkoenak merkantzia bihurtzen dituen sistema baten aurrean", "pertsona guztientzako etxebizitza doakoa eta unibertsala" aldarrikatu dute Ezkerraldeko kideek.