Huste arriskuan dago Durangoko (Bizkaia) Gaztetxea, Kaletik Gaztetxera asanbladak ohartarazi duenez. Udaltzainak goizean bertaratu dira Langile Kontrolpeko Espazio berrira, eta esan dute komunikazio-bideak moztu dituela udalak. Hala, Gaztetxean sarbide-kontrola ezarri du udaltzaingoak: ez dio inori sartzen uzten.
Kaletik Gaztetxera asanbladak aurreko ostiralean azaldu zuen Gaztetxea ireki zuela Durangon. Lehen Correosena zen eraikina birjabetu dute gazteek, udaletxe aurrean, Gaztetxe bilakatzeko. Urtebete inguru daramate espazio baten aldeko borrokan, baina ikusita udalak ez diola "gazteon beharrak asetuko dituen espazio bat lortzeko bermerik eman", urrats bat egitea erabaki zuten. Joan den asteburuan, hala, ehunka pertsona hurbildu dira Gaztetxe berrira.
Behin espazioa birjabetuta, udalarekin elkarrizketak izaten eta negoziatzen jarraitu du asanbladak, Gaztetxe berria egonkortzeko asmoz. Udalaren dei baten zain zeuden gaur goizean, udaltzaingoa bertaratu, kide bat identifikatu eta sarbide-kontrola jarri duenean.