ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/19 10:13

Berehala etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat Burlatan (Iruñerria, Nafarroa), bi adingabe tartean. Meryemek azaldu duenez, berak eta bere bi seme-alabek urtebete baino gehiago daramate Burlatako logela batean bizitzen, eta iruzur bat jasan dute, legez kanpoko azpierrentan eduki baitituzte. Dena den, "familiak kale gorrian ez gelditzeko duen aukera bakarra etxebizitza horretan gelditzea da", Berriozarko Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH), Harituk eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi dutenez.

Meryemek jakinarazi du ez Burlatako Udalak ez Nafarroako Gobernuak ez diotela "inolako bizitoki-alternatibarik eskaini" familiari, "baliabide falta" argudiatuta. Aitzakia hori zalantzan jarri dute, ordea, aipatutako hiru kolektiboek. "Instituzioen ekintza eza" nabarmendu dute, esanez aldea dagoela "familia kalean geratu ez dadin" erakutsi duten pasibotasunaren eta "etxebizitzaren negozioari ematen dioten babesaren" artean; "onura fiskalen, kolaborazio publiko-pribatuen eta etxejabeen poltsikoetan amaitzen duten laguntzen bitartez, besteak beste".

"Familiak hasieratik joan nahi izan du etxetik, ez baitauzka baldintza egokiak bizitzeko, baina ez du nora joan eta ez du baliabiderik alokairu bat ordaintzeko", diote aipatutako kolektiboek: "Ezinezkoa zaie merkatu librean etxebizitzarik alokatzea prezioen igoeragatik". Gaineratu dute hilabeteak daramatzatela harremanetan Nafarroako Gobernuarekin eta Burlatako Udalarekin, "baina ez batak eta ez besteak ez dute alternatiba iraunkorrik ematen". 

"Gizartean badago nahikoa baliabide guztiok izan dezagun kalitatezko etxebizitza, baina baliabide horiek bahituta dauzka etxebizitzaren negozioak. Iruñerrian milaka etxebizitza daude hutsik, horietako asko Burlatan [450 inguru, INEren arabera]", seinalatu dute: "Ez badute etxebizitzarik familia honi emateko, espropia ditzatela etxejabe handien etxeak". Burlatako Udalari eta Nafarroako Gobernuari exijitu diote, beraz, "etxebizitza-alternatiba iraunkor bat berma dezatela familiarentzat".

Berriozarko PAHren, Harituren eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, mobilizazioak antolatuko dituzte "Burlatako Udalari eta Nafarroako Gobernuari exijitzeko kalitatezko alternatiba iraunkor bat eskaini dezatela familiarentzat". 

NO HAY COMENTARIOS