ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/18 08:14

Bi gazte atzo kateatu ziren Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) udaletxean; izan ere, edozein momentutan desalojatu dezakete bertako Gaztetxea. Burlatako Gazte Asanbladak eta EH Bildu buru duen udalak denbora luzea daramate elkarrizketak izaten, baina udala ez dago prest Gaztetxearen "biziraupena bermatzeko ezinbesteko baldintza minimoak" onartzeko, eta espazioa martxoaren 15erako hustu zedila agindu zuen. Gaztetxearen berehalako eraisketaren aurrean, beste espazio baten lagapena "oso epe motzerako" soilik eskaintzen du udal-gobernuak, eta, gainera, xantaiaren bidez, Gazte Asanbladak propaganda politikoa egiteko duen eskubidea murrizteko baliatu nahi izan du negoziazioa.

Beraz, gazteek borrokan jarraitzen dute Gaztetxearen defentsan, bere "desagerpena ekiditeko baldintza minimoak" lortzeko. Borroka horren barruan lotu ziren atzo bi pertsona udaletxera, baina udalaren jarrera argia izan zen hasieratik: ez zuen inolako borondaterik erakutsi gazteekin aterabide bat adosteko. Kateaturik ez zeuden gazteak segituan bota zituzten udaletxe barrutik, loturik zeuden kideak bakarrik uzteko. Berta Arizkun alkatearen (EH Bildu) mespretxu-hitzak ondokoak izan ziren: esan zuen, beregatik, gaua bertan igaro zezaketela bi gazteek.

Bitartean, udaletxe parean bildu ziren hainbat eta hainbat gazte, loturiko kideei babesa emateko eta Gaztetxearentzako alternatiba erreal bat exijitzeko. Burlatako Gazte Asanbladak dei zabal bat egin zuen jendea arratsaldeko 16:30erako hurbildu zedin, eta, deiari erantzunez, jende ugari bertaratu zen. Elkarretaratze bat egin zuten udaletxe aurrean, Udalaren borondate ezaren aurrean, desalojoari aurre egin lelopean; eta errepide-mozketei ekin zieten inguruko kaleetan. Espainiako Polizia bidea mozten ari ziren gazteen aurka oldartu zen, haietako hainbat zaurituz.

Bitartean, udalak berean tematuta jarraitzen du: Gazte Asanbladarekin irtenbide bat adosteari ezetz esan zion, eta ez ohiko bilkura batera deitu zuen Burlatako udalbatzarra. Hori gutxi balitz, Arizkun alkateak egindako iragarpena bete zen gauean: aterabide bati uko eginda, kateaturik zeuden bi gazteei gaua modu horretan pasarazi die udal-gobernuak, tenperatura 0 gradutik gertu egon arren. Atzera egitetik urrun, Gazte Asanbladak udaletxe aurrean kanpatzera deitu zuen iluntzean, loturiko kideekin elkartasunez eta udalari presioa egiten jarraitzeko.

Bertan egin dute gaua, beraz, hainbat eta hainbat gaztek. Hala dio udaletxean jarri duten pankarta handiak: Pilota zuen teilatuan dago. Gaztetxea defendatu. Udalak, zenbait komunikabideren aurrean, ukatu egin du desalojo-prozesua martxan denik, eta Gazte Asanbladari egindako eskaintza pobrea defendatu du. Gazteek zorrotz adierazi izan dute negoziazioak ez duela zentzurik Gaztetxearen "desagerpenerako oinarriak jartzen baditu", EH Bilduren proposamenekin gertatzen den modura.

NO HAY COMENTARIOS