ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Deportazio-zentroa Albanian. FOTOGRAFÍA / Agencia Nova
2025/03/12 10:55

Europako Batzordeak arautegi berri bat aurkeztu zuen atzo, eta, onartzen bada, Europar Batasuneko estatu kideei aukera emango die baztertzen dituzten asilo-eskatzaileak bloketik kanpoko herrialdeetara kanporatzeko, baita herrialde horietan inoiz egon ez badira ere. Proposamenak ez du deportazio-zentroak eraikitzeko programarik ezartzen, baina lege-oinarria ematen du gobernuek hirugarren herrialde batzuekin adostu dezaten pertsona horien harrera, finantza-pizgarri batzuen truke; Italiak Albaniarekin jarraitu duen eredu bera. Araudiaren arabera, "errekurtsorako legezko bide guztiak agortu eta behin betiko itzulera-agindua eman ondoren bakarrik" egin ahal izango dira deportazioak.

Arautegiak "itzulerako herrialdea" kontzeptua birdefinitzen du, eta aukerak zabaltzen ditu pertsona migratzaileak euren jatorrizko herrialdea edo migratu aurreko herrialdea ez den nonbaitera kanporatzeko. Gaur egun, Europar Batasuneko arauek deportazioa ahalbidetzen dute soilik asilo-eskatzaileak horretarako "baimena" ematen badu, baina araudi berriarekin, baldintza hori ezabatu egingo litzateke.

Europako Batzordeak ez du zuzenean gidatuko deportazio-zentroen eraikuntza edo kudeaketa, eta ardura hori estatu kideei utziko die. Italiak, Danimarkak eta Herbehereek bultzatu dute ekimen berria, eta lehenak izan daitezke ezartzen. Zehazki, Italiako Gobernua aztertzen ari da Albanian asilo-eskaerak prozesatzeko zentroak deportazio-zentro bihurtzea, ANSA albiste-agentziak jakinarazi duenez.

Neurri-sorta berria defendatu du Magnus Brunner Barne-Auzietarako eta Migraziorako Europako komisarioak, eta ziurtatu du "lege-esparru bat sortzen duela, baina estatu kideei uzten diela aplikatzeko erabakia". Pertsona migratzaileak deportazio-zentroetan luzaroan atxilotzeko aukera ere jasotzen du araudiak, bai eta kanporatze-arauak betetzen ez dituztenei zigor ekonomikoak ezartzea ere. Proposamena Europako Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak eztabaidatu beharko dute orain.

NO HAY COMENTARIOS