ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Residuos Profesional
2025/02/06 10:50

Gaur bete dira bost urte Zaldibarko (Bizkaia) hondamenditik. 2020ko otsailaren 6an, luizi handi bat izan zen Zaldibarko (Bizkaia) hondakindegian, eta milaka hondakin tonak azpian hartu zituzten bi behargin: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Zaborrak harrapatuta galdu zuten bizia bi langileek, eta Sololuzeren gorpuzkiak 2020ko abuztuan topatu zituzten arren, desagerturik jarraitzen du Beltranek; 2021eko maiatzean eman zituzten amaitutzat bilaketa-lanak. Zaldibar Argitu plataformak deituta, datorren igandean egingo dute ekitaldi bat Eitzaga auzoan, 12:30ean.

Verter Recycling enpresa zen 2011n irekitako zabortegiaren jabea. Luizia gertatu eta berehala, bi langileak aurkitzeko erreskate-lanak hasi zirenean, alarmak piztu ziren: amianto-arrastoak topatu zituzten hondakin artean, zenbait sute piztu ziren, dioxina eta furano tasa handiak identifikatu zituzten eta erabat desegonkor zegoen lurra, besteak beste. Egunek aurrera egin ahala, argitara atera zen Verterrek bazuela halako hondamendi bat gertatzeko arriskuaren berri.

2020an hil zen beharginetako batek aurrez ohartarazi zuen enpresa arriskuaz, jakinarazi baitzuen ezin zela zabor gehiago jaso (hamarkada batean soilik egin zuen gainezka hondakindegiak, nahiz eta, berez, aurreikusita zegoen 35 urte beharko zirela gehienezko edukierara heltzeko), eta otsail horren hasieran atzeman zituzten hainbat pitzadura azpiegituran. Geyser HPC enpresako ingeniariek pitzaduren jatorria ikertzea gomendatu bazuten ere, hondakinak hartzen segitu zuten Zaldibarren, eta otsailaren 6 hartan ere hala egin zuten.

Gerora jakin zenez, gainera, ez zen Verter izan egoera ezkutatu zuen bakarra: Eusko Jaurlaritzak ere bazuen arriskuaren berri. Badirudi Ingurumen Saila aztertzen ari zela enpresa zigortzea, zenbait kontroletatik ondorioztatu zuelako arriskutsua zela zabortegiaren egoera: gutxienez 23 irregulartasun identifikatu zituzten, baina "arinak" zirelakoan, ez zen inolako neurririk edo zigorrik aplikatu gobernuaren partetik. Eta gaur egun ere zalantzagarria da zer baldintzatan dagoen eremua: Jaurlaritzaren 2023ko txosten batek zioen "arriskuan" zegoela hondakindegiaren egonkortasuna, nahiz eta, ustez, zigilatze-lanak egin dituzten.

Hiru ikerketa mahai gainean

Zaldibarko gertakarien harira, orain arte, bi ikerketa ireki dituzte Durangoko (Bizkaia) Auzitegian. Lehenengoa itxita dago jadanik, eta bertan lan-istripu gisa ikertu zuten hondamendia. "Arduragabekeriazko homizidio" baten erantzule gisa seinalatu zituzten Verter Recycling enpresako hiru arduradun: enpresako jabe Jose Ignacio Barinaga, enpresako gerente Maria Arrate Bilbao eta ingeniari nagusi Juan Elosegi Etxeberria. Baina akordio batekin zarratu zuten auzia, eta sei hilabeteko kartzela-zigorra baino ez zieten jarri azkenean, guztiak espetxetik kanpo utziz. Akusatuek aitortu zuten bazekitela hondakindegian ezegonkortasun-arazoak zeudela.

Durangon martxan jarritako bigarren ikerketan ez zen langileen erailketa kontuan hartu, ingurumenari eragindako kaltea baizik. Oraindik ez dute horri lotutako epaiketa egin, eta instrukzio-fasean jarraitzen du prozesuak; Zaldibar Argituk salatu du etengabe ari direla hura luzatzen. Auzipetuta daude Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari, Verterreko hiru arduradun, Lurtek aholkularitza-enpresako hiru geologo eta Geyser ingeniaritza-enpresako lau teknikari, eta akusazio modura aurkeztu dira Zaldibarko Udala, Zaldibar Argitu zein Ekologistak Martxan.

Hainbat komunikabidek aurreko udazkenean jakinarazi zuten, bestalde, hirugarren ikerketa bat ere abiatu zuela epaitegi berak, 449/2023 bereizgarriarekin. Ez zituzten horren nondik norakoak zehaztu, baina badirudi prozesuaren abiapuntua dela "lurraldearen antolaketaren aurkako delitu" posible bat.

NO HAY COMENTARIOS