ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/02 16:51

Gasteizko (Araba) Jundiz industrialdeko fabrika itxiko du Heceygo enpresak, eta euren lanpostua galduko dute langileek. Automobilgintza-sektoreko enpresa bat da, eta plastikozko piezak margotzen dituzte 30 beharginek. Enplegu-erregulazioko espediente bat (EEE) aurkeztu du zuzendaritzak, Gasteizko ekoizpena bertan behera uzteko asmoa du-eta.

Egoerari aurre egiteko, greba mugagabera deitu dute langileek. Sindikatuek salatu dutenez, enpresak "irabazi neurrigabeak" pilatu ditu: azken hiru urteetan 1,9 milioi euro irabazi dituela nabarmendu dute.

Arrasateko (Gipuzkoa) Microliquid enpresak ere EEE bat abiatu nahi du eta, aplikatuz gero, hogei langile kaleratuko dituzte. Langileen esanetan, zuzendaritzak "krisi-egoera" bat hartu du aitzakiatzat kaleratzeak justifikatzeko, eta kostuak "aurreztu" behar dituela argudiatu.

Grebara jotzeko deia egin dute beharginek, eta, horrela, uztailaren 1ean ekin zioten greba mugagabeari. Adierazi dute enpresak ez duela "nahikoa informazio eman" kaleratzeak arrazoitzeko, eta, gainera, EEEaren negoziaketa-prozesua egin bitartean, hainbat langile oporretan daudela. Beharginen erabateko babesa izan dute lanuzteek, eta elkarretaratzeak zein manifestazio bat egin zituzten greba mugagabeko lehen egunean.

Txik Txakeko langileek greba eginen dute Baionako bestetan

RATP-Développement enpresak irabazi zuen Ipar Euskal Herriko Txik Txak garraio publikoaren eskaintza-deialdia, baina, beharginek salatu dutenez, ez ditu hartutako konpromezuak bete. Keolis Cote Basque-Adour, ATCRB eta Transdev Urbain Pays Basque (TUPB) enpresen arteko fusioa "gizarte-oinarri komun batekin" egin zela dio Ipar Euskal Herriko Mugikortasun Sindikatuak (SMPBA), baina Forces Ouvriere (FO) sindikatuko langileak ez daude ados.

Langileen arteko soldata-ezberdintasunak atzeman dituzte. Hendaiako (Lapurdi) eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) lineetan ari diren gidariek, esaterako, ez dituzte soldata berdinak: 200 eta 500 euro arteko ezberdintasunak daudela salatu dute. Lan berdinagatik "soldatak eta lan-baldintzak berdinak ez izatea" onartezina dela azpimarratu dute, eta lanuzteak egiteko asmoa adierazi.

Hala, egoera aldatzen ez bada, garraio publikoko langileek greba egingo dute Baionako besten bezperatik aurrera, uztailaren 10etik aurrera.

NO HAY COMENTARIOS