ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/29 11:43

Aurreko astean izan da lehenengo Arte Eskola Sozialista, Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan. Ekida Arte Ekimen Sozialistak aurrenekoz antolatu du formakuntza-eskola hori, lau eguneko egitarau batekin. Hainbat seminario orokor izan dira jardunaldian, baina, nagusiki, bi diziplina zehatzetan eskaini dute formakuntza Ekidako kideek: arte eszenikoetan eta antzerkian, eta muralismoan eta arte bisualetan.

Arte Eskola Sozialista "formakuntza politikorako eta artistikorako espazioa" izan dela azaldu dute, eta "borondate iraultzaileko artistentzako elkargune" bilakatu dute Donostia.

Lau egunetan zehar, hainbat eta hainbat pertsona bertaratu dira Zentro Sozialistara, Ekidak antolatutako seminarioetan eta tailerretan parte hartzeko. Esan bezala, zenbait saio orokor izan dira, eta hamaika auzi landu dituzte horietan: taktika kulturalaz, taktika artistikoaz eta estrategia sozialistaz aritu dira, eta Mugimendu Sozialistaren oinarri politikoak landu eta argitu dituzte, adibidez.

Jardunaldia ixteko, gainera, arte popularrak eta arte iraultzaileak gaur egungo kapitalismoan izan ditzaketen aukerez eta potentziez aritu ziren larunbatean, azkeneko egunean; baita arriskuez ere. Mahai-inguru batean heldu zioten gaiari, eta hitza hartu zuten, esaterako, Jon Urzelaik, Kattalin Barcenak, Aitor Bizkarrak eta Ion Celestinok.

Formakuntzak diziplinaka

Gainerako saio guztiak diziplinaka banatuta egin dituzte, lau egunetan zehar. Arte eszenikoak eta antzerkigintza lantzeko lerroan, tailer ugari izan dira: aktore-entrenamendua, gorputz-adierazpena, ahotsa eta dikzioa, testua eta dramaturgia, ekintzaren diskurtsoa, inprobisazioa eta abar. Hainbat artista bertaratu dira Zentro Sozialistara tailer horiek eskaintzeko; hala nola, Nagore Tamayo, Maite Arciniega, Oier Guillán, Matxalen De Pedro eta Irati Muñoz.

Tailerrez gain, zenbait seminario ere egin dituzte lerro horretan: antzerki politikoaren historiaz, kontzeptuaz eta praktikaz jardun dute, baita antzerki politiko marxistari lotutako teoriaz eta obraz ere.

Arte bisualei eta muralismoari buruzko lerroan, berriz, bestelako tailer batzuk izan dituzte: sozialismoaren sinbologiari eta iruditeriari buruzko tailer praktiko bat, mosaikogintza eta bestelako erreprodukzio-teknika batzuk jorratzeko bat, tipografiaren eta kaligrafiaren inguruko bat, eta abar.

Seminario ugari izan dituzte, gainera: muralismoa aztertu dute tradizio sozialistan, sozialismoaren sinbologia eta iruditeria landu dituzte maila teorikoan eta historikoan, eta grafitiaren historiaz aritu dira, besteak beste. Mark Madness proiektua ezagutzeko aukera ere eduki dute, erakusketa baten eta seminario baten bidez.

NO HAY COMENTARIOS