ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/26 09:37

"Borondate politiko iraultzaileko artisten elkargunea izatea [...], gaitasun artistikoen garapena sustatzeko, jakintza eta motibazio politikoarekin erabat lotuta". Horixe bera da Ekida Arte Ekimen Sozialistak aurrenekoz antolatu duen Arte Eskola Sozialistaren helburu nagusia. Abiapuntu modura, lau eguneko jardunaldi bat prestatu dute Ekidako kideek, bi diziplinari lotutako formakuntza programekin: arte eszenikoak eta antzerkia, batetik, eta muralismoa eta arte bisualak, bestetik.

Joan den asteazkenean hasi zen Arte Eskola Sozialista, Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan. Atzo, jardunaldiko bigarren egunean, Mugimendu Sozialistaren oinarri politikoei buruzko seminario orokor bat izan zen. Gainerako saio guztiak diziplinaka banatuta egin zituzten.

Aktore-entrenamendu bat, gorputz-adierazpena lantzeko tailer bat eta ahotsa eta dikzioa lantzeko tailer bat izan ziren antzerkiari lotutako lerroan; eta muralismoa tradizio sozialistan nahiz sozialismoaren sinbologia eta iruditeria landu zituzten muralismoari buruzko lerroan.

Gaur ere, ostiralez, diziplinaka bereizita egingo dituzte saio guztiak. Muralismoaren inguruko formakuntza jasotzen ari diren kideek bi tailer edukiko dituzte: erreprodukzio-teknikei eta mosaikogintzari buruzko bat, eta tipografiari eta kaligrafiari buruzko beste bat.

Antzerkiko lerroan sakontzen ari direnek, berriz, seminarioak zein tailerrak egingo dituzte: antzerki politikoaz jardungo dute nagusiki, baina testuaren eta dramaturgiaren inguruko tailer bat eta ekintzaren diskurtsoari buruzko beste bat ere izango dituzte.

Hemen ikus daiteke egun bakoitzeko egitaraua, tailerretako eta seminarioetako ordu eta toki zehatzekin. Bihar izango da jardunaldiko azkeneko eguna.

NO HAY COMENTARIOS