ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Times of Gaza (X)
2026/02/11 11:16

Al Jazeera Arabic kanalaren ikerketa batek, The Rest of the Story izenekoak, agerian utzi du Israelgo okupazio-indarrek sistematikoki erabili dutela AEBek emandako munizio termobarikoa eta termikoa, 3.500 gradutik gorako tenperaturak sortzeko gai dena. Horren ondorioz, gutxienez 2.842 palestinarren gorpuzkiak erabat desagertu eta birrindu dira Gazan.

Gazako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalek Qatarreko katearen aurrean azaldu duenez, zenbaketa forentse zorrotz baten emaitza da datu hori, bonbardaketak izan diren hamaika lekutan "deuseztapen-metodo" bat aplikatu baitute: bilaketa sakonen ondoren, "hormetako odol-zipriztinak edo buru-azalen moduko zati txikiak" baino ez dituzte aurkitu milaka kasutan.

Ikerketak suntsipen handiko arma horien osaera kimikoa eta funtzionamendua zehazten ditu. Vasily Fatigarov errusiar militar adituak Al Jazeera-ri jakinarazi dionez, arma termobarikoek "erregai-hodei bat sakabanatzen dute, su-bola handi bat eta huts-efektua sortzeko pizten dena". Horri aluminio-, magnesio- eta titanio-hautsak gehitzen zaizkio, errekuntza luzatzeko. Palestinako Osasun Ministerioak Gazan duen zuzendari nagusi Munir al-Bursh doktoreak horren inpaktu biologikoa deskribatu du, bestalde: "Gorputz bat 3.000 gradutik gorako energia baten eraginpean dagoenean, presio masiboarekin eta oxidazioarekin konbinatuta, berehala irakiten dute fluidoek. Ehunak lurrundu eta errauts bihurtzen dira".

Genozidio globala

AEBetan ekoitzitako munizio zehatza identifikatu dute aipatutako ikerketan, hala nola, MK-84 Hammer bonba (900 kilo ditu eta tritonalarekin kargatzen da) eta GBU-39 doitasun-bonba. Azken horren zatiak aurkitu izan ditu Defentsa Zibilak gorpuak desagerrarazi zituzten lekuetan.

Diana Buttu abokatu eta Georgetowngo Unibertsitateko irakasleak Al Jazeera-ri adierazi dio informazio horiek berriro erakusten dutela nazioartearen konplizitatea palestinarren aurkako sarraskian, eta erasoaldia "genozidio globala" dela, "ez bakarrik israeldarra". Buttuk dio "munduak badakiela Israelek arma debekatu horiek badituela eta erabiltzen dituela", eta "nazioarteko zuzenbideak" zehazten duela, gainera, halako baliabideak erabiltzea "gerrako krimena" dela.

"Nazioarteko zuzenbidearen" paper errea

Nazioarteko Justizia Gorteak "kautelazko neurriak" ezarri arren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua eman arren, erasoaldi genozidak aurrera jarraitzen du. Tariq Shandab nazioarteko zuzenbideko irakasleak Al Jazeera-ri esan dionez, nazioarteko justizia-sistemak "huts egin du Gazako proban".

Ikerketa holokausto sionista pairatzen ari diren hamaika familien testigantza beldurgarri batekin amaitzen da, Rafiq Badranena kasu, lau seme-alaba galdu baititu jada: "Nire lau seme-alaba lurrundu egin ziren. Milioi bat aldiz bilatu ditut. Puska bat ere ez zen geratu. Nora joan dira?".

NO HAY COMENTARIOS