ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/11 11:46

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez, aurreko astean hasi zuten borrokaldia Murtzia II espetxeko 8. moduluko hainbat presok, haien eskubideen defentsan. Bost dira aldarrikapenak: preso gaixoak eta zigorra ia osorik bete dutenak aske uztea, bisitak jasotzeko eskubidea betetzea, COVID-19arekin ez kutsatzeko materiala izatea, COVID-19a hautemateko probak egitea, eta senideren bat hilez gero beilatokira edota hilerrira joan ahal izatea. Protestak, hain zuzen, koronabirusarekin kutsatutako presoei buruzko datuak ezkutatzen ari zirela jakinarazi zuten aste berean hasi ziren.

MEHATXUAK

Asteartean, hilak 5, ekin zioten elkarretaratzeak egiteari. Aurreko larunbatean, ordea, Txantreako (Iruñea, Nafarroa) Patxi Ruiz Kapota preso politikoarengana hurbildu zen kartzelazain bat. Protestarako erabilitako kartela kendu zion poltsa barrutik, baina Ruizek funtzionarioari  identifikazio zenbakia eskatzean, uko egin zion honek.

Beranduago, modulu buruarekin batera hurbildu zen kartzelazaina Ruizen ziegara, ustez, identifikazio zenbakia jakinarazteko. Presoari mehatxu egin zioten orduan, eta honakoa esan zioten hitzez hitz: "Zuk jakingo duzu zer den gertatuko zaizuna eta zer gaizki pasatuko duzun".

Gero, espetxeko zuzendariarekin, segurtasun buruarekin eta zerbitzu buruarekin elkartzera behartu zuten presoa, eta aste horretan hasitako protesten "buru" izatea leporatu zioten. Mehatxu egin zioten berriro, batik bat, horrek ekar ditzakeen ondorioak aipatuz.

GOSE ETA EGARRI GREBA ETA EBAKIAK

AAEAMek jakinarazi duenez, modulu buruak helarazitako mehatxuak bete ez ditzan eta kartzelako 8. modulutik urrundu dezaten, babes judiziala eskatu du Ruizek, eta egarri eta gose greba hasi du gaur, protesta modura. "Oso egoera larria da hau, gose eta egarri greban gorputzeko organoak kale egiten hasten baitira laugarren edo bosgarren egunetik aurrera", azaldu du AAEAMek.

Mehatxuei erantzuteko, gainera, ebakiak egin zituen besoan hilaren 9an, duela bi egun. AAEAMeko kideek medikuaren jarrera salatu dute: erizain batek Ruiz artatu eta grapak jarri zizkion zaurian, baina medikuak ez zuen behatu ere egin. Presoak lasaigarri bat eskatu eta erizainak transiliuma eskaintzean, leunagoa den zerbait eskatu zuen Ruizek, baina medikuak uko egin zion beste zerbait emateari, eta hari gerta dakiokeenak axola ez diola ere esan zion.

Identifikatzeko eskatu zion orduan preso politikoak, eta espetxezainez inguratuta egonik, medikuaren erantzuna ondorengoa izan zen: "Eraman ezazue kaka hau hemendik".

Ruizi "babes osoa" adierazteaz gain, 8. moduluko presoek hasitako protestekin eta haien aldarrikapenekin bat egin du AAEAMek. Bestalde, presoak jasaten ari diren egoeraren larritasuna azpimarratu du, kartzela kutsatzeko espazio egokia dela eta horregatik "presoak populazio zaurgarritzat hartzen dituztela" gogoraraziz. Preso askok gaixotasun larri eta kronikoak bizi dituztela ere ohartarazi du.

"Salbuespen egoera kaleetan jendea zapaltzeko eta eskubide politiko eta sozialak bertan behera uzteko erreminta bihurtu baldin badute, zapalkuntza hori askoz ere nabarmenagoa da kartzeletan. Isolaturik, bisitarik gabe, COVID-19az babesteko bitartekorik gabe eta aktibitate guzti-guztiak anulaturik mantentzen dituzte presoak", gaineratu dute AAEAMeko kideek.

RUIZ, AURRETIK ERE BORROKAN

Esan bezala, babes judiziala galdegin du Ruizek, ez baita mehatxuak salatzen dituen lehenengo aldia. Iragan abenduaren amaieran, besoan ebakiak egin zituen espetxezain batek "euskal preso politikoekin eta preso arabiarrekin zuen etengabeko jarrera erasokorra" salatzeko, protesta modura.

SALBUESPEN EGOERA ESPETXEETAN

Salbuespen egoera ezarri zenetik, eragile ugarik salatu dute presoek kartzeletan bizi duten egoera. Besteak beste, Etxerat-ek apirilean salatu zuen komunikazio bideak etenda zituztela preso askok, eta Salhaketa, Etxerat eta Sare elkarteek adierazi dute koronabirusaren hedapenak kartzeletan utzitako egiazko datuak ezkutatzen ari direla, "normaltasun faltsu baten berri ematen duten erakundeen propaganda" egiteko.

Martxoan, "oinarrizko eskubideak bermatzeko premiazko zenbait neurri" exijitu zituzten Salhaketak eta beste 50 antolakunde inguruk, Espainiako Estatu mailan.