AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Picassent (Herrialde Katalanak).
2020/05/06 10:40

Salhaketa, Sare eta Etxerat elkarteek jakinarazi dutenez, Espainiako Espetxe Erakundeek ez dituzte bete elkarteok, Munduko Osasun Erakundearen aholkuei jarraituz, martxoaren amaieran eskatutako neurriak. Gainera, erakundeak COVID-19 birusaren inguruko datuak ezkutatzen ari direla salatu dute, beste hainbat punturekin batera. "Espetxean hildako pertsonen kopuru ofizialak zergatik 'murriztu' dira azken aste hauetan, eta zergatik ez dira argitara eman, jakin badakigunean ospitalean hildako kasuren bat izan dela?", galdetu dute. Deigarria egin zaie, izan ere, kutsatutako presoen kopurua "hutsaren hurrengoa" izatea, funtzionarioen artean ehunka kasu erregistratu diren bitartean.

Espetxeetako datuak "murrizten" eta ezkutatzen ari direla ohartarazi dute hiru elkarteek, "normaltasun faltsu baten berri ematen duten erakundeen propaganda" egiteko. Horrela, "desinformazioa lagun, larritasun soziala ekidin" nahi du Espainiako Estatuak, presoen defentsarako elkarteen esanetan. "Zahar egoitzetan gertatu den moduan, bizi-baldintza eta osasun-laguntza eskas eta endemikoak eztanda egitear dauden lehergailu bihurtzen dira".

Kaleratzeak, "kanpoan hil daitezen"

Besteak beste, elkarteek gaitzetsi dute kartzela askotan ez dutela komunikaziorik bermatu; preso populazio handiagatik ez dutela bete ziega bakoitzean preso bakarra egoteko aukera; eta ez dituztela askatu zigor arinak dituztenak, hirugarren graduan daudenak, 70 urtetik gorakoak nahiz gaitz larriak dituztenak. "Dirudienez, espetxetik ateratzeak betiko moduan gertatuko dira: presoak larriki gaixo daudenean, eta ospitalera eramaten dituztenean, kanpoan hil daitezen".

Aldiz, Espainiako Espetxe Erakundeek emandako barne agindu baten arabera, espetxeetako 13 tailer martxan jarri zituzten, "gobernuak sektore ez-funtsezkoetan jarduera berrezartzeko hartutako erabakiekin bat etorriz". Besteak beste, Zaballan (Araba) eta Basaurin (Bizkaia) daude enpresa pribatuentzat aritzen diren lanerako tailer horietako bi.