Espetxeetan Covid-19 pandemiaren aurka hartutako
neurri bakarra ohiko eta ezohiko komunikazioak etetea izan dela
salatu du Etxerat-ek. Euskal preso politikoen seniden eta lagunen
elkarteak jasotako informazioaren arabera, "kasu gutxi batzuetan
izan ezik", Frantziako eta Espainiako estatuetako kartzeletako presoei ez diete jakinarazi bideo-deiak egiteko aukera, gobernuek neurri hori aipatu arren.
Senideen eskutik jaso behar izan dute informazio hori; zenbait
espetxetan egin dituzte deiak, 10-15 minutuz, baina gehienetan ez
diete aukerarik eman. Hilabetetik gora doaz bisitarik jasotzeko aukerarik gabe.
"Beldurra eta ezjakintasuna sortzen duen egoera honetan, preso dauden pertsonentzat are gogorragoa da", ohartarazi du Etxerat-ek: "Gaixorik dauden pertsonen osasunak eta pekulorik [dirurik] ez dutenek lehentasuna dutela jakinda, zergatik ukatzen zaie haien senideekin ikusizko komunikazioa edukitzeko aukera?".
"Medioak dituztenentzat bakarrik"
Etxerat-ek salatu duenez, komunikatzeko bide horiek gastu gehiago ere ekarri dute presoentzat, eta nabarmendu du baliabideak badaudela guztiek bideo-deiak egin ahal izateko. Bide beretik, komunikazioetarako neurri hori salatu du Nafarroako Salhaketak ere: "Ez dira nahikoa inondik inora, eta medioak dituztenei bakarrik balio die". Iruñeko kartzelan, adibidez, 320 bat preso daude, eta dei gehiago egiteko aukera jarri arren -ordainduta-, ez dute telefono kabinen ordutegia zabaldu, eta bederatzi bakarrik dauzkate espetxe osorako.
Covid-19aren hedapenaren harira, preso dauzkaten pertsonen "oinarrizko eskubideak bermatzeko" beste zenbait neurri ere eskatu zituzten Salhaketak eta beste 50 bat antolakundek, mediku-arretarekin, isolamenduarekin, komunikaziorako bideekin, edota gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen etxeratzearekin lotuta.