ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/08/13 10:02

Hainbat gaztek prentsaurrekoa egin dute gaur, abuztuak 12, Gasteizko (Araba) Alde Zaharreko San Markos kantoian, hiriko jaien testuinguruan gogortu den arren, "gure egunerokotasunean gero eta ohikoago egiten ari den bortizkeria poliziala salatzeko". Izan ere, Gasteizko jaiak oztopatzeko aitzakiarekin, Ertzaintzak polizia-operazio handiak gauzatu ditu azken egunotan, goizaldeko ordu txikietan, kalean zeuden pertsonen aurka.

Horrelako egoerei aurre egitearen garrantzia azpimarratu dute gaurko agerraldian bildu direnek; "bestela, gure sen komunean txertaturik geratzeko arriskua aurreikusten baitugu".

ATXILOTU BATEN TESTIGANTZA

Salaketaren abiapuntu modura, prentsaurrekoan, joan den ostiral goizaldean Gasteizen atxilo eraman zuten gazte baten testigantza argitaratu dute. Aditzera eman du, behin atxilotuta, zenbait aldiz jipoitu zutela, kalean nahiz komisaldegian.

Ertzaintzaren ibilgailu ugari Pintoreria kalera sartu ziren goizaldean, "abiadura handian", eta gertatzen ari zena bideoan jasotzeari ekin zion gazteak, mugikorraren bidez. Orduan jo zuten harengana, eta azkenean, atzeman egin zuten: "Konturatu nintzenerako paretaren aurka jarri ninduten eta nire mugikorra emateko hasi ziren esaten. Ez niela nire mugikorra eman behar esan nien, hor hasi ziren jipoiak, bideoa gelditu eta eman nien mugikorra. Hor hasi zen nire amesgaiztoa".

"Eskuburdinak jarri eta kale erdian egonda mehatxuekin hasten dira, nire etorkizunaz hitz egiten. 'Ez dut ezer egin' esaten diet, haiek ez dakite zer den hori, nitaz barrez hasi ziren hor lurrean egonda. Eta ea horrela tratatuko zuten haien semea galdetu nien. Erantzuna: jipoiak. Behingoz esaten didate komisaldegira eramango nautela", kontatu du gazteak.

Komisaldegian ere bortitza izan zen tratua. Hain zuzen, halaxe azaldu du atxilotuak ertzainetxean bizitakoa: "Ertzain mordoa, probokazioekin biluzten nintzen bitartean, hor bota nituen nire gaueko azken hitzak, nire duintasunagatik, hor biluzik nengoela. Hor jaso nuen nire gaueko azken jipoia. Berdin zitzaien nire duintasuna. Gauean zehar mamu txarrak joaten dira eta pertsona bat bezala tratatzen zaituzten ertzainak hasten dira agertzen. Zer gertatu da?".

Komisaldegitik igaro ostean, gaztea epaitegira eraman zuten ertzainek, eta epaiketa azkarra egin zioten. "Poliziari atentatua" leporatzen diote, "grabatzeari uzteari uko egin izana" argudiotzat hartuta. Epaiaren zain geratu da auzia.

"MAKURRARAZTEKO PRAKTIKA"

Gaur San Markosen elkartu diren gazteek elkartasuna adierazi diote atxilotua izan zen pertsonari, gertakarien larritasuna azpimarratzeaz gain: "Bereziki larria iruditzen zaigu, babesgabetasun egoera osoan, makurrarazteko praktika koldar hauen erabilpena. Horregatik, elkartasun osoa helarazi nahi diogu bai kasu honetan bai tankerako beste edozein egoeratan erreprimitua izan den orori". Jazarpen poliziala nabarmen gogortu da Gasteizen azken astean. Antza, COVID-19ari lotutako arrazoien aitzakiapean, 591 salaketa jarri dituzte poliziek.

"Haien aurrean babesgabe nahi gaituzte, desinformaturik, zer egin dezakegun jakin gabe, insubordinazio txikiena zanpatzeko prest", salatu dute. "Horren adibide dugu aurreko ostegunean polizia grabatze hutsagatik jipoitu eta, komisaldegira eraman ostean, tratu txarrak jasan dituen kidearen esperientzia".

KONTROL-MEKANISMOEN GAURKOTZEA

Testigantza horrek jasotzen dituen gertakariak ez dituzte ausazkotzat edo isolatutzat jo agerraldian bildu direnek: "Kaleen militarizazioa, doako bortizkeria, probokazioak, autoritarismo esplizitua… Finean, burgesiaren kontrol sozialerako mekanismoen eguneraketaz ari gara".

Zentzu horretan azaldu dute zergatik jazartzen zaien bereziki gogor gazte langileei: "Beldurraren bidez sumisioan hezi nahi gaituzte, hau da, haien behar berriei egokituko zaizkien arauetan diziplinatu nahi gaituzte. Eta, helburu horretan, gazte langileok paper garrantzitsua jokatzen dugu, gu izango baikara sistemaren makineria eusten jarraituko dugunak, eta gaurdanik nahi dute gure papera zein den ongi ikasia izan dezagun".

Horrek guztiak osasun-krisiaren kudeaketaren itxura hartzen badu ere, ezartzen dituzten neurriak eta horien eskutik poliziak egiten dituen esku-hartzeak jarri dituzte jopuntuan: "Gure ustez COVID-19a aitzakia hutsa da, gero eta sakonagoa den krisi sozialak behar dituen baldintza berriak ekoizteko aitzakia ideologikoa".

"Zentzugabea da neurriok larrialdi sanitarioaren logikarekin azaltzea, hau da, osasun-irizpideak ardatz, han hemen orokortzen ari diren praktika autoritarioak ezin dira uler. Adibidez, zer da 01:30ean aldatzen dena, kaleetan jende gutxien dagoen ordua izanik, abereak gidatzeko moduko esku-hartze polizialak beharrezko izateko?", galdegin dute.

ASKATASUN POLITIKOEN DEFENTSA

Prentsaurrekoa amaitzeko, beste auzi bati ere egin diote azpimarra: "Askatasun politikoen defentsa inoiz baino garrantzitsuago bilakatzen da bizi dugun klase ofentsiba honen aurrean. Indar armatuen gaineko ikuskaritza bera ukatua zaigu langileoi. Bideo ziztrin bat ezabatzeko gure mugikorra hackeatzeko arazorik ez dute".

Langileon aurkako jazarpenari aurre egiteko deia luzatuz amaitu dute adierazpena: "Gazte langile, ez zaitez makurtu!".

NO HAY COMENTARIOS