Aurrera doaz Covid-19 birusaren hedatzeari aurre egiteko neurriak, baina asko eta asko dira euren jarduna eten ez duten lantoki eta enpresak, eta epe motzean jarduna geratzea aurreikusi ez dutenak. Gasteizko (Araba) Mercedes Benz eta Landabengo (Nafarroa) Volkswagen dira bi adibide. Azpikontratatutakoak gehituta, 10.000 langile aritzen dira lehenengoan, eta bigarrengoan, 5.000 inguru.
Orain, bi fabrikak ixtea eskatu dute tokian tokiko langile batzordeek. Esaterako, Nafarroako Volkswagengo beharginek salatu dute ezin dutela haien artean kutsatzea ekiditeko gutxieneko distantzia mantendu. "Kateko langileen kezka eta urduritasuna" dela-eta, lantegian "matxinada saioak" izan direla diote sindikatuetako kideek.
Atzo bertan, Covid-19 birusaren sintomak zituen langile bat ebakuatu behar izan zuten Landabenen, eta berrogeialdian sartu behar izan zuten dozenaka lankidek. Langile batzordearen asmoa da bihar, martxoak 16, Behin-behineko Enplegu Erregulazio Espediente bat lortzea beharginentzat.
Kontaktua eta prebentzioa
Bestalde, Gasteizko Mercedes Benz lantokiko langile batzordeak azaldu du ez duela ulertzen enpresak ekoizpenarekin aurrera egin eta milaka langileen egoera "zortearen esku uztea", osasun larrialdia deklaratuta dagoenean eta askotariko zentroek jarduna eten dutenean.
Salatu du lanpostuetan "ekidinezina" dela beharginen arteko kontaktua, eta gainera, enpresak martxan jarritako "prebentzio neurriek" muga jo dutela: alkohol-banatzaileak eta komuneko xaboi-banatzaileak hutsik daude, komuneko papera amaitu da, eta eremu komunen desinfekzio maiztasuna txikia da.