Tubacex enpresako zuzendaritzak 150 langile kaleratu nahi ditu Laudioko (Araba) eta Amurrioko (Araba) plantetan. Langileek greba mugagabera jo zuten kaleratze masiboaren aurka, eta grebaren bigarren astean daude jada. Laudioko lantegiaren aurrean piketea egitera deitu zuten gaurko, eta jendetza batu da atarian, goizean goiz.
Gaur ere Ertzaintza bertaratu da lantoki aurrera, polizia-agente ugarirekin eta "oldartzeko agindua" zutela esanez. Buzo gorria soinean, eserialdia egin dute Tubacexeko langileek, besteak beste, eskirolak lanera sartzea ekiditeko. Errepidean eserita zeuden beharginen aurka oldartu dira ertzainak: kolpatu eta arrastaka eraman dituzte banan-banan, eta hainbat langile zauritu dituzte.
Bestalde, sei behargin identifikatu dituzte eta, antza, 600 euroko isunak jarriko dizkiete.