ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Araluceko langileen elkarretaratzea, Bilbon. Argazkia: Deia
2020/01/17 12:14

Batz kooperatibak ezezkoa eman dio Igorreko (Bizkaia) Araluceko langileek egindako eskaerari. Aralucetik kanporatuak izan direnez, Batzen sartzea eskatu zuten beharginek; izan ere, talde korporatibo bereko enpresak dira Batz eta Araluce. Batzek, baina, dio eskaera horrek ez duela "oinarri juridikorik" eta bi enpresek "etengabeko galerak" dituztela. Ondorioz, zuzendaritzak ez du Araluceren likidazioa ez den beste proposamenik egin.

Oraingoz, hartzekodunen lehiaketaren zuzendaritzapean dago Araluce. Langile batzordearen ordezkaritzarekin bi aldiz elkartu ostean, kontsulta epea itxitzat jo zuen zuzendaritzak. Hala ere, beste hitzordu bat adostu zuten gaurko. Langileek helegitea aurkeztu dute Bilboko (Bizkaia) lan arloko epaitegian, lehiaketaren kontaktu prozesuan zehar izan diren "irregulartasunak" direla-eta. Gainera, lau soldata zor dizkiete langileei.

Atzo, hilak 16, Araluceko ehun bat langilek, euren senideekin batera, manifestazioa egin zuten Arrasateko (Gipuzkoa) kaleetan zehar. Mondragon Kooperatibaren egoitza nagusiaren aurrean elkartu ziren gero, eta taldeari exijitu zioten "gatazkan aktiboki parte hartu dezan".

Intrantsigentzia

Iragan azaroan, Aralucen gaueko txanda egiten ari ziren langileak kaleratu eta ekoizpen jarduna amaitutzat eman zuen korporazioak, indar polizialez baliatuta. Horren ondoren, makinak lantokitik ateratzeko ere Ertzaintza bertaratu zen iazko abenduan. Hala, itxiera geldiarazteko beharginek lantegian atxikita zituzten makina guztiak zein materiala eraman zituzten.