ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aernnovako langileen elkarretaratzea, joan den astean. Argazkia: ELA
2020/11/11 12:04

Kaleratze masiboak iragarri dituzte Araban aeronautika sektoreko hainbat enpresak, eta horien artean, Aernnovak, langileen %20 kaleratzeko asmoa agertu zuen joan den uztailean. Ostiralean, kaleratzeen aurkako protesta artean, lau behargin bota zituen enpresak Miñaoko (Araba) parke teknologikoan duen lantegitik.

Aernnovak Berantevillan (Araba) du egoitza nagusia, eta han 448 langile aritzen dira soldatapean lanean. Miñaon (Araba), ingeniaritza arloan, 180 behargin inguruk jarduten dute AED eta AES ingeniaritza plantetan -aldi baterako enplegu erregulazioan daude abendura arte-. Horietako lau dira kaleratuak: diziplinatze espedienteen bidez kanporatu dituzte, "errendimendu eskasa" argudiatuta, eta ondorioz, kalte-ordainik gabe geratuko lirateke kaleratuak. Era horretako kaleratzeak "umiliagarriak" direla salatu dute langileek, eta greba egun batera deitzea aztertzen ari dira. Erabakiaren atzean akziodunen agindua dagoela azaldu dute, "etekinak handitzeko pertsonalaren gastuak murriztea".

Aernnovak ez ezik, aeronautikako beste enpresa batzuek ere eman dute kaleratze masiboen berri, eta irailean, manifestazio bat egin zuten Gasteizen (Araba). Besteak beste, Aernnova, ITP Aero eta Alestiseko langileak irten ziren kalera lanpostuen defentsan.

Iaz, hitzarmen kolektibo baten aldeko borrokan aritu ziren langileak, eta haien esanetan, enpresak irabaziak handitu ditu aurreko urteetan (2016tik 2018ra, gutxienez). Martxoan, COVID-19 birusaren kutsatzea saihesteko neurri falta zela-eta, langileek geratu zuten Berantevillako lantegia.