ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Erasoen aurkako giza katea. Argazkia: Donostiako Piratak
2019/08/16 15:28

Abuztuaren 10ean eman zioten hasiera Donostiako (Gipuzkoa) Aste Nagusiari. Abuztuaren 14an, asteazkena, Donostiako Piratek salatu zuten gutxienez hamaika sexu eraso jazo zirela azken 24 orduetan. Erasoen harira, hiru gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak dagoeneko. Atzo, abuztuak 15, atxilotu zuten haietako bat; komisaldegian dago une honetan, eta epailearen esku utziko dute datozen egunetan.

Abuztuaren 13an, asteazkena, egin zuten aurreneko protesta Donostian, eraso sexista baten berri izan ondoren. Ez zen, baina, hiriko jaietan salatuko zen sexu eraso bakarra izango: salaketa gehiago izan ziren handik ordu gutxira. Hala, Donostiako Piratek jaigunea itxiko zutela jakinarazi zuten hurrengo egunean, abuztuak 14; egun osoko egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten, eta milaka pertsona mobilizatu ziren Erasotzaileak, zuen jaia amaitu da lelopean. Gauean ere bestelako ekintzak egin zituzten erasoak salatzeko; besteak beste, giza katea osatu zuten jaiguneen inguruan, eta manifestazioa ere izan zen.

Hainbat salaketa azken asteetan

Azken asteetan hamaika izan dira festa testuinguruan jazotako sexu erasoak. Iruñeko (Nafarroa) sanferminetan aurreneko egunetik izan ziren salaketak, eta Baionako (Lapurdi) jaietan gutxienez hiru sexu eraso gertatu zirela jakinarazi zuen Samuel Vuelta Simon prokuratzaileak.

Abuztuaren 2an, emakume bat taldean bortxatu zuten sei gizonezkok, Bilboko (Bizkaia) Etxebarri parkean. Horietako bi espetxean daude, eta gainontzekoak aske daude, nahiz eta egunero joan behar duten epaitegira sinatzera.

Bestalde, Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Gasteizko (Araba) Andre Mari Zuriaren jaietan, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Jaietan hiru aldiz jarri behar izan zuen martxan sexu erasoen aurkako protokoloa Gasteizko Mugimendu Feministak.

Uztailaren 15ean, Beasainen (Gipuzkoa), bortxatu egin zutela salatu zuen 21 urteko emakume batek. 20an, eraso horren harira, gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. 2012. urtetik Beasain inguruko hainbat herritan jazotako beste bost sexu erasorekin lotu zuen Ertzaintzak atxilotuaren DNA.