Cavosa Obras y Proyectos SA enpresaren aurkako lau salaketa jarri ditu ELA sindikatuak, legez kontrako lanaldiak, lan-erritmo azkarregiak eta lan eta segurtasun arauak ez betetzea leporatuta. Donostian (Gipuzkoa) Mirakontxa-Easo zatian metroa eraikitzeko lur azpiko lanak egiten ari den enpresa da Cavosa Obras y Proyectos; izan ere, azpiegitura publikoa izan arren eta Eusko Jaurlaritzak sustatu arren, hainbat enpresari esleitu dizkiete obra gehienak. Hala, azpikontratatutako langileak dira metroa eraikitzeko lanetan ari diren gehienak.
"Lanaldi ankerrak"
Gaur, asteartea, Mirakontxa-Easo tartean soldatapean lanean dihardutenen "lanaldi ankerrak" salatu ditu ELAk. 20-25 behargin dira, eta 12 orduko bi errelebotan egiten dute lan. Dena den, sindikatuko kideek azaldu dute bigarren erreleboan aritzen direnek 19 ordurainoko lanaldiak egin behar izaten dituztela; ostiraletan 19:00etan hasten dira beharrean, eta larunbatean 14:00etan amaitzen dute.
Hain zuzen, ondorengoa da Mirakontxa-Easo zatian lanean ari direnen ordutegia:
Gutxienekoa halako hiru
ELAko kideen arabera, lurrazpiko lanei dagokienean, Errege Dekretuaren 29. artikuluak jasotzen du gehienez sei orduko lanaldiak izan behar dutela, "lan bereziki nekagarri, toxiko eta arriskutsuak" direla argudiatuta. Hala, Donostiako metroaren eraikuntzen kasuan, gutxieneko kopurua halako hiru egiten dituzte langileek.
Aldi baterako elkartea
Aldi baterako sortutako ABEE enpresa elkartearen parte da Cavosa Obras y Proyectos, baina beste lau eraikuntza enpresek osatzen dute taldea; Sacyr, Campezo, Mariezkurrena eta Zubieder. Hala, ELAk azaldu du ez duela Cavosa soilik salatu, ABEEk barnebiltzen dituen enpresa guztiak baizik. Laneko ikuskatzailearekin batzartuko dira etzi, asteazkena.