Atzo jakinarazi zuten beste prostituzio-sare baten berri eman dutela Bizkaian. Bilboko (Bizkaia) Ametzola auzoko lokal batean, prostituzioan aritzera behartu dituzte gutxienez bederatzi emakume; guztiak Latinoamerikakoak eta paperik gabeak. Lan-eskaintza faltsuekin iruzur eginda mugiarazi zituzten Bizkaiara, eta prostituitzera nahiz drogarekin trafikatzera behartu ditu gero sareak.
Urtea hasi zenetik, sexu-esplotaziorako gutxienez hiru sare atzeman dituzte Bilbon. Hala, berriz deitu du mobilizatzera Bilboko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Sexu-esplotaziorako sareak borrokatu! aldarritzat hartuta. Elkarretaratze bat egingo du bihar 19:30ean, Ametzolako tren geltoki aurrean.
"Testuinguru ekomiko eta sozial miserableek baldintzatuta, emakume asko, haien jatorrizko herrialdea utzita, prostituitzera behartzen dituzten sexu-esplotaziorako sareetan bahituta gelditzen dira", adierazi du Itaiak. Sare horiek, "etekin ekonomiko izugarriak ateratzeaz gain, emakumeon sexualizazioan sakontzen" dutela salatu du. Gainera, horrek guztiak "emakumearen kontrako indarkeria gordinean oinarritzen diren lan-prozesuetara kateatuta mantentzen" ditu emakume langileak, Itaiako kideen esanetan.
"Gure jarrera irmoa da: emakumeon sexualizazioarekin amaitu behar dugu", aldarrikatu du Itaiak: "Hura sostengatzen duten figurak borrokatu eta emakume langileok gure burua prostituitzeko beharrik ez izateko baldintzak eraiki behar ditugu, egoera horietan dauden emakumeak antolakuntzara batuz".