ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/21 10:16

Bilboko (Bizkaia) Luberri Konpartsak aurreko astean salatu zuen: beto politikoa ezarri diote Bilboko Konpartsetan, eta debekatu egin diote hiriburuko festa nagusietan parte hartzea. "Debeku honen arrazoia Mugimendu Sozialistak Luberrin duen parte-hartze aktiboa da, eta erabakia, beraz, Mugimendu Sozialista Bilboko jai herrikoietatik kanporatzeko saiakera", seinalatu zuen Luberrik.

Hori dela-eta, debekatutako konpartsak agerraldi batera deitu zuen atzo iluntzerako, Arriagan. Ehunka lagun bertaratu ziren, Luberriri ezarritako beto politikoa salatzeko, eta "jai herrikoietan parte hartzeko eskubidea" duela aldarrikatzeko.

"Debekuak arrazoi politikoei erantzuten die. Izan ere, Luberrik Bilboko Konpartsen Federakundearen estatutuak eta epeak betetzen ditu", argitu zuten berriz atzoko agerraldian. Gogorarazi zuten beto politikoaren "bultzatzaile nagusia" Ezker Abertzalea izan dela, "Mugimendu Sozialista Bilboko jaietatik kanporatzeko" saiakera etengabean. 

"Gure ustez, ideologia erreakzionariorik ez duten eragile politiko eta sozial guztiek eskubidea izan behar dute baldintza berberetan jai herrikoien antolaketan parte hartzeko, espazio publikoa erabiltzeko eta txosna jartzeko", azaldu zuen Luberrik. Ezarritako debeku berriak, baina, Bilboko Konpartsen "oinarri nagusietako bat urratzen" duela ohartarazi zuten: "Jaien aniztasun politikoa eta izaera parte-hartzailea", hain zuzen ere.

Bilboko Konpartsen Federakundeari berriz egin diote deia "erabakia birpentsa dezan": "Guk, elkarlanerako prest jarraitzen dugu". Horrekin batera, "debeku horren kontra dauden konpartsak, eragileak eta norbanakoak animatu" ditu Luberrik, "betoa altxatzen laguntzeko lanean jarrai" dezaten.

NO HAY COMENTARIOS