Bizkaian, hiru irakasle gizonezkok ikasle ugariri egindako sexu-erasoak atera dira argitara. Irakasleetako batek Bilboko Urretxindorra Ikastolan jardun du urte luzez, eta gutxienez bi hamarkada daramatza ikasleak modu jarraituan jazartzen. Arrigorriagako institutu publikoan aritzen da bigarren erasotzailea, eta bere erasoak ere gutxienez 20 urtez luzatu dira. Lekeitioko Azkue Ikastolan jarduten zuen hirugarrenak.
Ikasle ohiak diren hainbat emakumek elkarrekin salatu dute Urretxindorrako irakasleak egindako sexu-jazarpena. Hasieran, Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan azaldu zituzten erasoak zenbait ikasle ohik, baina salaketa bateratu bat egin zuten gero, taldean.
Bilboko Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak zehaztu du gizonezko horrek 20 urte daramatzala ikasleak jazartzen, eta, orain arte, zuzendaritzak ez duela "erantzukizunik hartu": "Egin duen bakarra erasotzailea babestu eta gaia ezkutatzea izan da". Ikasleek sinadura bilketa bati ekin zioten urte honetan, irakasle erasotzailea kanpora zezatela exijitzeko, baina orduan ere beste alde batera begiratu zuen zuzendaritzak.
Orain Ikastolen Elkarteak esan du barne-ikerketa bat abiatu duela gertatutakoa ikertzeko. Itxura denez, eten egin dituzte erasotzailearen klaseak, baina ez dute zentrotik inola ere bota: lanera joaten jarraitzen du oraindik, "ikasleriarekin kontakturik izan gabe", zenbait hedabideren esanetan.
Salaketak Lekeition eta Arrigorriagan ere
Beste Ikastola batean, Lekeitioko Azkuen hain zuzen ere, beste irakasle batek eraso ziola jakinarazi du ikasle ohi batek. Ikastolen Elkartearen arabera, erasotzaileak ez du bertan jarduten gaur egun, baina erretiroa hartu zuelako. Horretaz gain, Arrigorriagako institutu publikoko irakasle bat ere seinalatu dute: sei ikaslek eta ikasle ohik salatu dituzte erasotzaile horrek egindako ukituak eta gorputzei buruzko komentarioak, eta gaineratu dute gizonak "botere-nagusikeria" baliatu izan duela neskak jazartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, Arrigorriagako "gertakariak egiaztatzeko" ikerketa bat ireki dute, eta erasotzaileak ez omen du une honetan lan horietan segitzen. Kasu honetan ere, gutxienez bi hamarkadaz luzatu dira irakasleak ikasleei egindako sexu-erasoak.