"Ezinbesteko arrazoiei" erreferentzia eginez, aldi baterako lan-erregulazio txosten bat aurkeztu zuen atzo IMQ talde pribatuak, bere jabetzakoa den Bilboko (Bizkaia) Andre Maria Zuriaren klinikan ezartzeko. Erietxeko langileen %78ri eragingo lieke txostenak, eta %70 jaitsiko lirateke soldatak. Enpresa ez da arduratuko soldatak osatzeaz, ezta oporrak bermatzeaz ere.
Covid-19 birusak eragindako larrialdia dela-eta, zerbitzu publikoa eskaini du klinikak apirilaren 9ra arte. Denbora tarte horretan, Osakidetzaren agindupean jardun dute bertan, Basurtoko Ospitaletik (Bizkaia) bideratutako pazienteak artatuz. Lan-erregulazio proposamena sistema publikoaren eta ospitale pribatuaren arteko harreman hori eten denean etorri da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak paziente gehiago bertara ez bideratzea erabaki ondoren.
IMQ Andre Maria Zuriaren ospitaleko langileen batzordeak eta ELA sindikatuak salatu dutenez, aurretik "milioi askoko irabaziak" izan ditu klinikak, eta "enpresa-interesak" lehenetsi dituzte langileen proposamenei entzungor eginez. Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu diote kritika beharginek: "zerbitzu publikoa ematen lagundu duten langileak alde batera uztea" egotzi diote. "Langileek, euren burua gizartearen esku" jarri eta bueltan jaso dutena "txaloak eta aldi baterako lan-erregulazio bat" izan direla gaineratu dute.
Osasun baliabideak, erabilerarik gabe
Bestalde, langileen batzordeak salatu du egon badaudela osasun-krisiari aurre egiteko baliabideak, baina Eusko Jaurlaritzari eta enpresa pribatuei leporatu diete erantzukizuna. Adibidez, lan-erregulazioa ezartzean ospitalean erabilerarik gabe geldituko diren baliabideak, "pertsona kutsatuei arreta espezifikoa emateko" erabili ahalko liratekeela diote. Jaurlaritzari eskatu diote "gizartearen esku jar ditzala eskura dituen osasun-baliabide guztiak".
Enpresa batzordeak elkarretaratzera deitu du apirilaren 29rako. 12:00etan izango da, ospitalearen aurrean.