ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/07 08:54

"Ikaragarria da egoera Valentzian eta Espainiako Estatuko hegoaldeko hainbat lurraldetan", azaldu du kezkaz Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Hala, "hondamendiaren erantzuleak seinalatzeko eta klase-elkartasuna aldarrikatzeko", kalera ateratzera deitu du: mobilizazioak antolatu ditu Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa), bihar arratsalderako. Eliptika Plazara bertaratzeko deia egin du Bilbon, 18:30erako, eta Foru Plazan jarri du Iruñeko hitzordua, 19:00etarako.

"EHKStik Valentziako eta gainontzeko lurraldeetako herri langileari elkartasun osoa adierazten diogu", esan du mobilizazioen berri ematean. Dena den, salatu du "erantzule zuzenak" dituela egoerak: "Neurriak hartu zitezkeen, bai ekaitzaren aurretik, baita ekaitzaren ondoren ere. Eta hartu dituzte, baina negozioen alde; eta langileen aurka".

Negozioen alde, langileen kontra

Gehiago xehatu du EHKSk: "Ekaitzaren aurretik, urbanismo basati eta arduragabea ekidin zitekeen, baina askok eta askok, politikariek zein enpresariek, negozioa egin dute eraikuntzarekin, urperatze arrisku handiko eremuetan eta beraien legeen aurka. Ekaitzaren aurretik ere, langileria babesteko neurriak har zitzaketen, teknikariek alarma emanda zeukatenean. Ekaitzaren ondoren, berehalakotasunez baliabide guztiak jarri zitzaketen krisiari aurre egiteko, baina ez dute egin".

"Eta hori guztia horrela egiten dute, ez horrenbeste gaitasun ezagatik, baizik eta gure klase etsaiak direlako", ohartarazi du. Gogorarazi du, gainera, "kapitalismoak eragindako beroketa globalak eta krisi ekologikoak" biziagotu egiten dutela "muturreko fenomeno meteorologikoen frekuentzia".

Agintaritza guztiak elkarrekin, burgesiaren interesen defentsan

EHKSk, bestalde, gaitzetsi du "instituzio guztietako agintariek" erakutsi dutela "zein den espainiar monarkiaren oinarria": "Egoera basatienean ere, burgesiaren interesak defendatzea, herri langilearen beharrizanak albo batera utziz". Izan ere, astebetean izan duten "jarduera nagusia" nabarmena dela iritzi dio: "Polizia eta armada bereziki ordena publiko burgesa mantentzera bidaltzea [...], eta Valentziako herri langilearen egoera jaurtigai politiko bezala erabiltzea".

Enpresariek langileei ezarritako kondena

Agintariez gain, EHKSk enpresariak jarri ditu jomugan: "Herritarrak lanera joatera derrigortu zituzten hondamendia gertatu zen egunean, eta haien bizitzak arriskuan jartzera behartu. Oraindik ere ikus daiteke antzekorik, txikizioa jazo den herrietako biztanle ugari lanera joatera behartzen ari baitira, horretarako garraio-baliabiderik existitzen ez den arren eta beraien ingurune guztia berreskuratzen hasteko nahikoa lan daukaten arren".

Eskuin muturra, hondamena probesten

Hori gutxi balitz, EHKSk gaitzetsi du "estatuaren deslegitimazio egoera eta krisia" baliatzen ari dela eskuin muturra, "herritarren haserrea bere mesederako erabili nahian". Zentzu horretan ari da "arazoaren erroa desbideratzen eta politikari zehatz batzuen gaitasun gabezia eta traizio gisa azaltzen".

Kontseilu Sozialistak, kontrara, nabarmendu du "sakoneko kausa" duela DANAri lotuta sortutako krisiak: "Estatu-eredu burgesa eta oinarrian dagoen eredu sozial kapitalista". "Eskuin muturrak, gainontzeko alderdiek bezalaxe, agintea bere gain hartu nahi du, ez burgesiaren diktadurarekin amaitzeko, baizik eta berau modu autoritarioago batean gauzatzeko", gaineratu du: "Aurrean izango gaituzte".

Estatu kapitalistaren zereginak

EHKSk seinalatu du halako krisi-egoeretan ikusten dela "argien" zer eginkizun duen "estatu burgesak": "Agintarien pribilegioak bermatzeko eginda daude eta ez langileen bizitzak babesteko". Armadaren existentzia aipatu du horren guztiaren isla modura, "egitura horren funtzioa Mendebaldeko herrialde kapitalistetan estatu horien posizio inperialista bermatzea" dela iritzita, "eta ez langileria laguntzea". "Estatu burgesa ez dago prest baliabide sozialen eta ekonomikoen mobilizazio orokor batek eragiten duen gastua bere gain hartzeko, helburua herri langilea babestea denean", dio.

"Estatu kapitalista da hondamendi honen erantzulea. Bera eta bere inguruan mugitzen diren borrero guztiak: politikariak zein enpresariak", argitu du EHKSk. Beraz, azpimarra egin dio "langileriaren erreferente politiko iraultzailea indartzeko" beharrari, baita hori "nazioartean eraikitzeko eginkizunari" ere.

NO HAY COMENTARIOS