Bihar hasiko da Valentina Morisoli eta Gaizka Astorkizaga Fito preso politiko ohien kontrako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iñaki Bilbao Txikito eta Patxi Ruiz preso politikoak gose greban zeudenean izan ziren hainbat sabotaje-ekintzaren harira epaituko dituzte; zehazki, Euskotrenen makina batzuk kaltetzea, Espainiako eta Europako banderak erretzea eta Aldundiari kalte materialak eragitea egozten diete.
Ekintza horien ondorioz, desordenak eta kalteak eragitea leporatzen die auzitegiak gaur egun. Fiskaltzak, antza, bi eta lau urte arteko espetxe-zigorrak eskatzen ditu bakoitzarentzat.
2020an atxilotuak eta kartzelaratuak
2020ko azaroan, Auzitegi Nazionalak zuzenduta, polizia-operazio ustez antiterrorista bat egin zuen Ertzaintzak: aldi berean atxilotu zituen Morisoli eta Astorkizaga, Bizkaian. Bien etxeak miatu zituzten goitik behera, baita Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharreko Molotoff taberna ere.
Polizia-etxean gau bat egin ostean deklaratu zuten biek Auzitegi Nazionalean, bideo-konferentziaz. Auzitegiak agindu zuen biak espetxeratzeko, baldintzarik gabe. Astebetez atxilo izan ostean, hiru egunez izan zituzten Euskal Herriko kartzeletan; Zaballan (Araba) Morisoli eta Basaurin (Bizkaia) Fito. Soto del Realera (Madril) urrundu zituzten ondoren.
Bederatzi hilabetez preso
Soto del Realen, bakartze-erregimenean izan zituzten lehenengo, eta modulura aldatu zituzten gero. Guztira, bederatzi hilabetez izan zituzten preso: 2021eko uztailean geratu ziren aske, baldintzapean.
Hasieran, talde terrorista bateko kide izatea, txikizio terroristak eragitea eta terrorismoa goratzea leporatzen zien Auzitegi Nazionalak, aipatutako sabotaje-ekintzen harira.
Beste bi atxiloketa
Sabotaje horien ikerketari lotuta, eta polizia-operazio berdinaren barruan, zenbait hilabetera beste bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Lekeition (Bizkaia). Behin-behinean aske utzi zituzten atxiloketaren ostean, baina kutxazain bati su ematea egotzita akusatu zituzten bi gazteak. Fito ere auzipetu zuten horren harira.
Gainerako sabotaje-ekintza guztiak Morisoliren eta Fitoren gain jarri zituzten, eta horren ondorioz epaituko dituzte bihartik aurrera. Desordenak eta kalteak eragitea leporatzen die gaur egun Auzitegi Nazionalak, indarra galdu baitute hasieran egin zizkieten terrorismo-akusazioek.