ACTUALIDAD / Reformas
"Bide bat badago guk nahi ditugun gauzak mahai gainean jartzeko"
Ostegunean bozkatuko dituzte 2023ko Aurrekontu Orokorrak Espainiako Kongresuan, eta EH Bilduk ez dio inolako oztoporik jarri proposamenaren tramitazioari. Hainbat baldintza negoziatzeko aukera dagoela esan du, baina ez du osoko emendakinik aurkeztu.
2022eko urriaren 25
"Bide bat badago guk nahi ditugun gauzak mahai gainean jartzeko"
— ARGAZKIA Twitterretik hartutakoa

Espainiako koalizio-gobernuak 2023. urterako proposatutako Aurrekontu Orokorrak baimenduko dituzte EH Bildu, EAJ nahiz ERC alderdiek, ez baitute osoko emendakinik aurkeztu. EH Bilduk, esaterako, zenbait baldintza negoziatzeko aukera dagoela esan du, baina ez dio inolako trabarik jarri PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren proposamenari. Ostegun honetan, urriaren 27an, izango da Aurrekontu Orokorrei buruzko bozketa Espainiako Kongresuan, eta badirudi aurrera egingo duela gobernuak diseinatutako plan ekonomikoak.

Berriki Euskadi Irratian hitz egin du gai horretaz EH Bilduko hautetsi Mertxe Aizpuruak. "Gutxi gorabeherako kalkulu bat egin dugu [Espainiako] Gobernuarekin azken egun hauetan, eta ikusi dugu bide bat badagoela guk nahi ditugun gauzak mahai gainean jartzeko. [...] Daukagun krisi ekonomikoarekin eta aurreikusten den negu zakar honekin, nik uste dut behartuta dagoela gobernu hau nolabait aterki bat ematera jende guztiari".

Aurrekontu Orokorren barruan, besteak beste, polizien soldatak %38 igoko dira eta aurrekontu militarra %25,8 haziko da. Horretaz gain, %3,5 igoko dituzte Kongresuko diputatuen soldatak.