Urriaren 15ean egin zuen eztanda grebak Landetan dagoen adarrean, Akamarrera (Nafarroa Beherea) eta Jonzacera zabaldu aurretik. Luxuzko jakiaren komertzioan jarduten duen Labeyrie enpresako ehunka langilek protestan dihardute ordutik, azken urteetan gogortu diren lan-baldintzak salatzeko eta hobekuntzak aldarrikatzeko asmoz.
Azaldu dutenez, enpresatik joan diren langileak ez dituzte ordezkatu, eta lan-karga berdinari egin behar izan diote aurre geratu diren beharginek, baina gutxiago izanda. Akamarren, adibidez, urte bati dagokion ekoizpena sei hilabetean gauzatzeko agindu diete. Ezintasun horren aurrean, grebara jo dute langileek, eta soldatak igotzea ere exijitu dute. Gehiegizko lan-kargak eragindako kalteak ere aipatu dituzte, horien artean, lan-istripu geroz eta ohikoagoak eta ondoez mentala.
Enpresako zuzendaritzarekin bildu ondoren, %2,25eko igoera lortu zuten, baina ez da nahikoa haien esanetan, hilean 300 euro gasolina ordaintzera eta 600 euro etxebizitza ordaintzera bideratuta, "hilabete amaieran ez delako ezer geratzen". Igoera handiagoa eskatu zuten langileek, baina zuzendaritzak muzin egin zion eskaerari. Geroztik, izoztuta daude negoziaketak, eta protestan segitzen dute.
1946an sortu zen multinazionala, eta hamazazpi lantoki ditu gaur egun. Horietan 4.600 langilek jarduten dute soldatapean.