ACTUALIDAD / Gazte topagune sozialista

Beste urrats bat, sozialismoa belaunaldi berrietan indartzeko

4.500 gazte bildu dira Elizondon hiru egun hauetan zehar. Formakuntza politikoa eta aldarrikapenak izan dira nagusi Topagunearen hirugarren egunean: arratsaldean, estatu-autoritarismoaren eta faxismoaren aurkako manifestazio bat egin dute.
2026eko urriaren 11 - 18:12
Beste urrats bat, sozialismoa belaunaldi berrietan indartzeko

Gazte Topagune Sozialistaren hirugarren eguna izaten ari da gaurkoa. Aurreko bi egunetan bezala, formakuntza politikoa zentrala izan da egitarauan, horrekin ireki baitute goiza. 10:00etan, bi hitzaldi egin dituzte aldi berean, eta berriz ere gainezka ikusi dira Elizondon bi espazio nagusiak: krisiaz eta estatuen autoritarismoaz aritu dira Gune Nagusian, eta Sutegiko arkupean, mahai-inguru bat egin dute nazioarteko hainbat gazte-antolakunde sozialistatako kideek.

Horren ondoren, Lekarozko aparkalekuan elkartu dira Topagunera bertaratutako milaka gazteak, bazkari handi bat egiteko. Giro paregabea izan da bertan, eguraldia lagun, eta 17:30erako itzuli da jendea Elizondora. Izan ere, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) ordu horretarako jarri dute hitzordua Sutegian, manifestazio bati ekiteko: Topagunearen egitarauaren barruan, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontrako mobilizazio bat antolatu dute.

Elizondoko kaleetan barrena ibili dira manifestariak, bandera gorriak hartuta, eta, beste behin ere, faxismoari eta estatu-autoritarismoari ezetz esanez. Gune Nagusian amaitu da ibilbidea, eta bertan egin dute Topaguneko ekitaldi politiko nagusia GKSko eta IASko kideek (irakurri hemen manifestazioaren eta ekitaldi politikoaren inguruko albistea).

Ekitaldiaren ondoren, 20:00etan, gaurko musika-emanaldiak hasi dira, lau gunetan banatuta. Sutegiko karpan, Mikosis eta Istilu taldeek eskaini dute kontzertua; Sutegiko arkupean, Raimundo El Canastero, Ostikoka eta Mateo Zikuta & Dürüm Solo Karnek; Intza tabernan, Estutu eta Berandu Baino Lehen taldeek; eta Gune Nagusian, berriz, Mirotz, Belako, Santa Salut, Hazas, Kiliki, J Martina, Kumbialari eta Bravak.