Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) seigarrenez antolatu dute Gazte Topagune (TPGN) Sozialista, euren ekimen nazionalik indartsuena. 2019an izan zen ekimenaren lehen edizioa, Azpeitian, eta ordutik Altsasun (birritan), Durangon eta Iruñerrian ere egin dituzte Topaguneak. Seigarren edizioa da aurtengoa, eta oraingoan Baztan aldera eraman du ekimena Mugimendu Sozialistak: Elizondora, hain zuzen ere.
Lau eguneko egitaraua prestatu dute GKSk eta IASk, ohi bezala, hitzaldi eta mahai-inguru indartsuekin, aldarrikapen politikorako hitzorduekin, eta askotariko kultur-emanaldi eta kirol-jarduerekin. Arratsaldeko 14:30ean izan da lehen harrera, herriaren erdigunean kokatutako Sutegian, eta apurka-apurka hasi dira bertaratzen ehunka eta ehunka gazte, lau egunak igarotzeko trasteak hartuta, kanpalekua egongo den lekurako bidea hartzeko.
16:30ean izan da gaurko ezarritako lehen hitzordua, GEDAR LANGILE KAZETAk ekoitzitako Belarrijana podcastaren zuzeneko saioa, alegia. Sutegiko karpan egin dute. Horren ondoren, 18:00etan, Topaguneko lehen hitzaldiei ekin diete: materialismo historikoaz, militantzia politikoaz eta ezkerkeriaz aritu dira Gune Nagusian, eta arteaz eta sozialismoaz Sutegiko karpan. Hurrengo egunetan zehar, etengabe izango dira hamaika solasaldi eta mahai-inguru Elizondon.
Arratsaldeko 19:00etan, aisialdiko eskaintza zabala ireki dute: pala eta pilota partidak Haizegorri txarangak girotuta, askotariko kontzertuak... Gaueko 22:00etan, gainera, Hemendik da bidea. Mugako istorioak emanaldi berria eskainiko du Ekida Arte Ekimen Sozialistak Gune Nagusian.
Bihar ere hamaika hitzaldi eta emanaldi
Bihar, larunbata, 08:00etan izango da gosaria kanpalekuan, eta hitzaldi sorta zabal bati ekingo diote horren ostean. 10:00etan, hiru saio egingo dituzte aldi berean: etxebizitza eta sozialismoaren aukeren ingurukoa Gune Nagusian; sexu-industria, prostituzioa eta sexualizazioari buruzkoa Sutegiko pilotalekuan; eta krisi ekologikoa eta taktika sozialistari buruzkoa Sutegiko karpan. 12:00etan, berriz, bi hitzaldi egongo dira: ildo komunistaz eta taktika antifaxistaz arituko dira Gune Nagusian; eta nazio-auziaz, teoria marxistaz eta gaur egungo eztabaidez Sutegiko arkupean.
Arratsalderako, aisialdiko ekimen ugari daude antolatuta: mendi-lasterketa, boleibol txapelketa, boxeo masterclass-a, Kluedo talde-jolasa, Landa bila antzezlana, herri-kirol erakustaldia, Asier K eta Antton Telleriaren umore-ikuskizuna... Gainera, hainbat kontzertuz gozatzeko aukera egongo da arratsaldetik gauera bitartean.
Ikusi hemen lau egunetako egitaraua.