ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Suppressed News (X)
2024/10/21 13:40

Joan den asteburua ere odoltsua izan da Gazako Zerrendan, gutxienez 150 palestinar erail baititu Israelgo Estatu terroristak. Igande goizaldean egin zuen azken erasorik handiena, Beit Lahiako etxebizitza-eremu bat bonbardatu baitzuen Gaza iparraldean, gutxienez 87 pertsona hilez edo desagerraraziz eta 40 zaurituz, batzuk larriki. Hori gutxi balitz, iparraldeko ospitaleetan ere egin dituzte erasoak sionistek.

500 dira azken bi asteetan soilik Gaza iparraldean eraildako pertsonak, eta 42.000 baino gehiago dira 2023ko urritik hona Gazako Zerrenda osoan hildakoak. Zaurituak 100.000 inguru dira.

Izugarriak dia, gainera, Jabaliatik argitaratutako azken irudiak. Indar sionistak errefuxiatu andana mobilizatu nahian ari dira, indarrez, kontrol-postu batera eramateko. Bide horretatik aldentzen direnei eraso egiten ari dira, gerra-hegazkinen eta artilleriaren bidez.

Libanon ere bonbardaketekin jarraitzen dute sionistek, hala nola, Beirut hiriburuan. Azken hilabeteko oldarraldiarekin, ia 2.500 dira aurten Libanon erail dituzten pertsonak, eta ia 12.000 zaurituak.

Erresistentzia zapaltzeko saiakeran, Hezbollahren hainbat azpiegiturari eta baliabideri erasotzen jarraitzen dute: ustez, Hezbollahk Beiruten duen inteligentzia-zentro bat bonbardatu dute berriki, eta jomugan omen dituzte azpiegitura ekonomikoko hainbat sukurtsal ere.

Erresistentziaren erasoak

Jabalian, azken orduetan ere soldadu sionistei gogor egin diete aurre miliziano palestinarrek. Zenbait iturrik ziurtatu dutenez, azken borroketan, goi-kargudun militar israeldar bat hiltzea lortu dute.

Bestalde, Benjamin Netanyahuren etxebizitzari erasotzea lortu du drone batek larunbatean: Israelgo Estatuaren gutxienez helikoptero bat ekidin ondoren, lehen ministro sionistaren etxearen kontra egin du talka. Hainbat iturrik esan dute Hezbollahk egin duela erasoa, baina agintaritza sionistak Irani leporatu dio ekintza. Iranek ukatu egin du.

Sionistek Iranen kontra dituzten planak, ustez filtratuta

Horretaz gain, Amerikako Estatu Batuetako Inteligentzia-Agentzia Zentralaren (CIA, ingelesez) ustezko dokumentu batzuk atera dira argitara. Ez dute argitu filtrazio bat izan den edo materiala hackeatu duten. Teorian, Israelgo Estatuak Iranen kontra dituen planak ageri dira idatzi horietan, eta hala omen dio lerroburu nagusiak: "Aireko Indarrek Iranen aurkako erasoa prestatzen jarraitzen dute".

NO HAY COMENTARIOS