ACTUALIDAD / Migración
Bertan behera geratu dira Bidasoan desagerturiko gazte migratzailea bilatzeko lanak
Larunbatean desagertu zen 24 urteko senegaldarra, Bidasoa ibaia igerian gurutzatzen saiatzen ari zela. Salatu dutenez, azkenaldian pertsona migratzaile asko saiatu dira muga-bidea igerian igarotzen.
2022eko martxoaren 17
Bertan behera geratu dira Bidasoan desagerturiko gazte migratzailea bilatzeko lanak

Bertan behera utzi dituzte Bidasoa ibaian desagerturiko gaztea bilatzeko lanak; "zantzu berriren bat agertu arte", behintzat. Larunbatean desagertu zen 24 urteko senegaldarra, jatorri afrikarreko beste bi pertsona migratzailerekin batera, muga-bidea igerian gurutzatzen saiatzen ari zela. Ibaiaren beste aldera heldu ziren beste bi lagunak, baina berak ez zuen lortu. Lekuko baten arabera, korrontearen indarrarekin borrokan aritu zen denbora luzez.

Larrialdi-zerbitzuek bost egunez izan dituzte martxan bilaketa-lanak, baina emaitzarik gabe. Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, azken egunetan asko izan dira ibaiaren alde batetik bestera igerian pasatzen saiatu diren pertsona migratzaileak.

2021. urtean, zazpi lagunek galdu zuten bizia Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko muga gurutzatu nahian. Bidasoa ibaian itota hil ziren haietako bi.