ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Oskar Gonzalez-Pankra Nieto/Deia
2024/05/20 09:57

Bost aste luzez egin dute greba Bilbobuseko langileek; Bilboko (Bizkaia) hiribuseko langileek. Baina hitzarmen berriaren negoziazioa blokeo-egoeran dago. Beharginek urte osoan zehar mobilizazioak egin ondoren, itunari buruzko aurreakordioa aurkeztu dute berriki Biobide enpresak (Alsaren filial bat) eta USO, UGT eta CCOO sindikatuek. Proposamen hori, ordea, ez du babestu langileen gehiengoak: aurreko astean egin zuten aurreakordioa onartzeko edo atzera botatzeko bozketa, eta ezezkoa nagusitu zen.

Ordainsaria %4 besterik ez igotzea ezartzen du proposamenak; alegia, igoera ez da Kontsumoko Prezioen Indizearena (KPI) bezainbestekoa. Langileen gehiengoak salatu du, hala, KPIak nabarmen egin duela gora: azken hiru urteetan %14,7 hazi da EAEn, Eustaten datuen arabera. Aurreko hitzarmenak, urtean %1,5 eta %2,5 arteko igoera bat besterik ez zuen aurreikusten soldatetan.

Modu horretan, Bilbobuseko hitzarmenari buruzko negoziazioak blokeatuta segitzen du, eta mobilizatzen jarraitzen dute langileek: aurreko ostiralean ekin zioten berriz greba mugagabeari. Bilboko Udalaren eta Biobide enpresaren ardura seinalatu dute; zerbitzua azpikontratatuta dauka udalak.

2021ean agortu zen Bilbobuseko langileen itun kolektiboa, eta izoztuta dituzte soldatak ordutik. Itxura denez, udalak martxan jarri ditu Biobiderekin daukan kontratua bukatzeko izapideak, besteak beste, enpresak ez dielako aurre egin 2021ean eta 2022an KPIak jasandako igoerei. Teorian, datozen egunetan Biobideren eta beharginen arteko akordiorik ez badago, trantsiziozko kontratu berri bat onartu beharko du enpresak.

NO HAY COMENTARIOS